Izaskun Andonegi: "Dolua ez da gaixotasuna, baina bada posible gaixotzea doluari kasurik egin ezean"

Ubane Madera 2012ko urriaren 31

Izaskun Andonegi da Bidegin elkarteko fundatzailea. Dolurako eta gaixotasun larri aurreratuak dituztenendako laguntza zerbitzua da. Urte eta erdi daramate herritarrei zerbitzua ematen, eta egoitza Donostian duen arren, Gipuzkoa osoan egiten dute lan. Orain dela gutxi, Arantzazun izan ziren. Arrasate Irratian kontatu du guztia elkarteko fundatzaileak.

Hurrengo hitzordua laster da…

Bai, azaroaren 1ean Donostian emango ditugu hitzaldi batzuk, doan. Interesa dutenak ongietorriak izango dira, eta bestela, informazioa gure webgunean zintzilikatuko dugu (www.bideginduelo.org). 

Zer eskaintzen du Bidegin elkarteak, eta zeini?

Jendea etortzen da maitatu izan duen pertsona galdu duenean, bakarka, familiaka edo bikoteka; azken horiek, bereziki, semea edo alaba galdu dutenean. Bizitza-kalitatea hobetzea da gure helburua, dolu osasuntsua bideratzen. Zenbait kasutan posible da dolua kroniko egin edo konplikatzea. Askotan botikekin estaltzen dugu, lan handia eginez, edo beste estrategiaren bat bilatzen dugu saminari aurre egiteko. Baina egiten duguna da samina estali. Eta guk nahi duguna da jendeak barruan duena ateratzea. Dolu taldea dago horretarako. Galeraren bizipena egoera berean dauden pertsonekin konpartitzean, samina arindu egiten da. 

Zelakoa izan behar du dolu osasuntsuak?

Dolua berba latinetik dator: dolus,  mina da esanahia. Maila pertsonal eta klinikoan doluaren samina bizi egin behar dela. Ez dut esan nahi horretan murgildu egin behar dugunik, baina bai samin hori bizi egin behar dugula. Modu bakar horretan da posible bizitza osasuntsuagoa eramatea. Osasunez bizi izatea da emozioei kasu egitea, espresatzea, elkarbanatzea… laguntasuna izateko. Doluan kontzientzia eta presentzia jarrita, konturatzen gara sufrimendua ez dela betiko, eta, doluaren prozesuan samina arintzen doan neurrian, osasuntsuago biziko gara. Dolua ez da gaixotasuna, baina bada gaixotzera eraman zaitzakeen prozesua. Askotan, gizartean negarra erakutsi digute pribatuan egiten. Ikusten da dolu prozesuetan askotan jendeak ez duela negarrik egiten, ezkutuan egiten duela. Sozialki beste emozio batzuk, adibidez, amorrua edo poza onartuta ditugu, baina beste batzuk ez; horiek estaltzen joaten gara, eta zenbait sintoma fisiko azaltzen dira: takikardiak, ikarak, larritasuna, depresioa… mezua da dolua ez dela gaixotasuna, baina posible dela gaixotzea kasurik egin ezean. Helburua da dolua arintzea eta maitatu izan dudan pertsona, galdu dudan pertsona horrek emandakoa gogora ekarri, eta horrekin berriro ere bizitza berreraikitzea.

Galdu dugun pertsona hori barik bizi izaten ikasi behar dugu?

Ikastea balitz, galdera da non dauden irakasleak, ezta? Saminean murgilduta gaudenean, urratuta gaude, eta askotan ezin dugu haratago ikusi. Baina sentitzen den sufrimendua ez da betiko. Arintzen doa, denborak bere lana egiten du. Baina askoz inportanteagoa da zer egiten duen norberak denbora horretan, lan pertsonalean: gustatzen zaigu galdu dugun pertsonari buruz berba egitea edo entzutea ze garrantzitsua izan den… azken batean, bizirik egongo balira bezala sentitzen hasten gara, baina beste dimentsio batean. Lehenengo pasatzen dugu abstinentzia-sindrome antzeko bat, muga fisiko bat pasa arte, ze oso fisikoak baikara: elkar ukitzen dugu, ahotsa… hori guztia faltan igartzen dugu, eta hori gainditzeak denbora behar du. Baina behin hori eginda, ikasten dugu gabeziarekin bizi izaten. Izan ere, dolua ez da bakarrik galera fisikoa, baizik eta baita harremanekin lotutakoa ere. Nik galtzen dudana da harremana, eta mintzen gaitu maitatu izan dugulako, eta hori denborarekin, ikasten baino gehiago, deskubritzen joaten gara transformazio prozesu batean. Hori da dolu bidea. 

Zelako terapia egiten duzue?

Oinarrituta dago psikoterapia integrazio erlazionalean; hau da, atentzio handia jartzen da erlazio terapeutikoan, eta beti pertsonengan. Bestela esanda, datorren pertsona behar emozional batzuekin dator. Batzuetan behar hori da entzuna izatea, ze askotan ez baitute kontatu bizi izan dutena; edo balioa galdu duen dolua delako, ezkutukoa. Adibidez, suizidio kasuetan, edo autoa gidatzen izandako istripuan ondokoa hil denean… Praktikan, egiten dugun lehenengo pausoa da doluan dagoen pertsonari deitu. Ze askotan deiak jasotzen baititugu esanez, adibidez: "Nire bikotekideari oso ondo etorriko litzaioke". Baina berak deitzen ez badu, ez du konpromisorik hartzen prozesuan, eta dolu bidea edo prozesu hau norberak egin behar du, ezin dizu inork egin. Hortaz, lehenengo deitu egin behar dute, gero egiten dugu elkarrizketa edo balorazio moduko bat terapeuta batekin,  eta gero, taldera pasa aurretik bakarkako saioak egiten ditugu ikusteko zer momentutan dagoen dolua jasaten dabilen pertsona hori, zerk laguntzen dion eta zerk ez… erlazio terapeutikoari segurantzazko espazioa eta denbora emateko da hori guztia.

Dolua zenbatekoa izan daiteke; edo pertsonaren araberakoa da?

Ez dago formularik. Dolua prozesu bakarra da. Ze gainera nahiz eta bizitzan bi galera edo hiru izan, modu desberdinean biziko dituzu guztiak, ze bakoitzarekin izan duzun erlazionatzeko modua desberdina izan da. Hortaz, ez dago araurik. Badaude tendentzia eta fase batzuk, eta horietatik guztiok pasatzen gara: hasieran inpaktu edo shock momentua izaten da, harridurako momentu oso traumatikoak izaten da, eta anestesiatuta moduan egoten da. Desberdintasuna da batzuendako orduetako inpaktua izan daitekeela, eta beste batzuendako izan daitekeela hilabete osokoa. Norberak aurrera egiteko dituen tresna eta babesen araberakoa da hori. Norberak jartzen ditu adaptatzeko mekanismoak. Batzuek samin horretatik alde egiteko estrategiak bilatzen dituzte, lan handia egiten, edo gehiago sozializatzen, kalera irteten… Edo galdu izan dugun pertsonarekin konektatzeko estrategiak hartzen ditugu: joaten gara gertaera gertatu zen tokira, edo jartzen ditugu bere etxeko zapatilak, edo bere argazki bat hartzen dugu… Honek ere bere momentua dauka, hasierako inpaktua pasa ondoren. Eta dolua jasaten duen pertsonak guzti honetan kontzientzia jartzen duenean eta ulertzen duenean zergatik eta zertarako egiten dituen halakoak, murgiltzen da konexio fase batean. Hor erlazioez berba egiten sartzen gara. Ez da horren inportantea heriotza zela gertatu zen, baizik eta kide bat faltan igartzen dudala, eta atentzioa jartzen dugu galdu dugun pertsona horretan. Hortik aurrera hasten gara transformazio prozesuan, batzuek azeptazioa deitzen diote. Niri ez zait gustatzen hitza, ezin dugulako onartu gertatu dena: nola onartuko dugu nire semea hil dela edo bikotekidea etxetik atera eta ez dela berriro etxean sartu? Ez da galera onartzea, gertaera onartzea, baizik eta onartzea ni nola nagoen eta zer egin nahi dudan hemendik aurrera nire bizitzarekin. Prozesu horretatik bai pasatzen gara, baina bakoitzak bere erritmoan eta modu bakarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak