Eroskik esan du bere olioek "kalitate kontrol guztiak" betetzen dituztela

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 29a

OCU elkarteak joan den astean kaleratutako olio marken gaineko azterketak hautsak harrotzen jarraitzen du. Azterketan gaizki geratzen ziren zenbait enpresak OCUri salaketa ipiniko diotela iragarri zuten. Orain Eroski Taldeak gezurtatu ditu OCUren azterketaren ondorioak, eta esan du berak saltzen dituen Eroski birjin estra eta Olilan birjina markek "kalitate kontrol guztiak" betetzen dituztela.

OCUk zioenez, olio horiek etiketetan iragartzen duten baino kalitate txikiagokoak dira: Eroski birjin estra olio gisa merkaturatzen dena olio birjina dela, eta Olilan birjina kontsumitzeko desegokia dela esan zuen (nahiz eta osasunerako txarra ez den ere gaineratu zuen OCUk).

Eroskik hauxe esan du: "OCUren eskura utzi ditu Eroskik berak daukan barne eta kanpo analisi historiala, eta horrek egiaztatzen du bi markek olio birjin estra eta olio birjin gisa definitzeko dauden baldintzak betetzen dituztela". Azaldu duenez, azterketa guztiak kanpoko laborategietan egiten dira, eta laborategi horiek Espainiako eta kanpoko erakundeen ziurtagiriak dituzte.

Mondragon taldeko banatzaile handiak azpimarratu du azterketa horiek "ezinbesteko baldintza" gisa dituela olio horiek botilatan sartu eta merkaturatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak