Aurten baino %4,37 gehiago batu nahi du Gipuzkoak 2013an zergatan

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 29a

Gipuzkoako alkate guztiak daude deituta bihar, martitzena, Foru Aldundiarekin batzartzeko. 2012ko zerga-bilketaren eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren gaineko informazioa jasoko dute alkateek; baita 2013ko aurrekontu aurreikuspenei buruzko informazioa ere. Horrez gain, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Foru Arau Proiektuaren nondik norakoak jasotzeko aukera izango dute alkateek. Datorren urtean, aurten baino %4,37 batzea espero da. Bestalde, Udal Finantzaketarako Foru Fondotik diru gehiago jasoko dute Udalek: koefizientea %58 izango da.

Aurtengo kontuen likidazioa eta datorren urterako aurreikuspenak argitzen doaz pixkana-pixkana, joan den astean Finantzen Euskal Kontseilua batzartu eta gero. Han, 2012ko zerga-ekitaldiaren bukaerako aurreikuspenak finkatu ziren, eta 11.400,25 milioi euro biltzea espero da EAE osoan; horietatik 3,615,24, Gipuzkoan. Aurreikusi baino 716 milioi gutxiago dira, EAE osoan.

Finantza eta Ogasun diputatuak, Helena Francok, esan duenez, "argi gelditu" da EAEko hiru herrialdeetan gertatu direla "desbideratzeak". Hala ere, Gipuzkoak bete ditu ondoen aurrekontu-betetze aurreikuspenak: aurreikusitakoaren %94,2 jaso du. EAEko batez bestekoa %94,09 da. 2011ko ekitaldian aldean ere, Gipuzkoan hobeto joan da aurten: %0,51 diru gehiago batu da zergatan. Kontuan hartu behar da ere Europako Batasunaren arabera berreskuratutako Estatuko laguntzak (opor fiskalak). Gipuzkoak 19,1 milioi euro jaso ditu 2012an auzi horrengatik.

Bestalde, Finantzen Euskal Kontseiluan, gehiengoz -Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarien eta Gipuzkoako ordezkari bakarraren botoekin- erabaki zen aurtengo aurreikuspenetan sartzea opor fiskalengatik diputazioek batu duten eta Eusko Jaurlaritzari itzuli behar dioten dirua. Aurten, diputazioek 309 bat milioi batuko dituzte kontzeptu horrengatik, eta horren %70 (210 milioi) Eusko Jaurlaritzari itzuli behar diote. Arabak eta Bizkaiak erabaki horren kontra bozkatu zuten, esanez aurreikuspen horiek ez zirela behin betikoak eta Europako epaitegietan oraindik horren gaineko erabakiak hartu behar zirela.

Zerga itunduetan, 3.773 milioi

Martitzeneko Finantzen Euskal Kontseiluak, gainera, 2013ko zerga-bilketaren aurreikuspenak finkatu zituen. Gipuzkoan, 2013ko ekitaldian 3.773 milioi euro biltzea espero da zerga itunduengatik, 2012ko itxiera aurreikuspenaren aldean, 158 milioi gehiago (%4,37). Erkidego osoko datuak hartuta, bilketa 11.825,7 milioi eurotan estimatzen da; 2012ko itxiera aurreikuspenaren aldean, 425,5 milioi gehiago (%3,73).

Lurraldeen artean, Gipuzkoan aurreikusi da hazkunderik handiena (%4,37) 2013rako. Zerga erreformaren (batez ere PFEZ eta BEZa) ondorio da igoera horren arrazoia, ekonomiaren hazkunde nominala ia-ia zero izatea espero baita.
UFFFaren 2012ko likidazioa eta 2013ko aurreikuspenak

Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren itxiera aurreikuspena 374,26 milioi eurokoa da, hots, aurrekontuan baino %5,7 gutxiago, 22,7 milioi euro. Helena Francok esan zuenez, 2011 eta 2012ko kupoa kalkulatzerakoan "desadostasun nabarmenak" daude, eta horrek "udalen finantzazioa 10,5 milioi eurotan murriz dezake 2012an", hau da, %2,6an.
Kupoaren aldaketak kontuan hartuta, 2012 bukaeran aurreikusitakoa baino %8,4 gutxiago izango dute udalek, hau da, 33,2 milioi gutxiago. Azkenik, 2012an Estatu laguntzak berreskuratu izanaren ondorioz udalei dagokien zatia 2,3 milioikoa izango dela aurreikusten da. Diferentzia hori 2013ko otsailean, 2012ko UFFFaren likidazio negatiboari aplikatuko zaiola aurreikusten da.

2013an, Gipuzkoako Foru Aldundiak 393,5 milioi euro ipiniko ditu udalendako, UFFFaren bitartez. 19,20 milioi euro gehiago izango dira (%5,13) 2012eko likidazioaren aurreikuspenean baino, eta 3,5 milioi euro gutxiago (%0,9) 2012ko aurrekontuan jasotakoa baino.

UFFF %5,13 handituko da

Udal Finantzaketarako Foru Fondoa %5,13 handituko da 2013an, 2012ko itxiera aurreikuspenarekin alderatuz. 2013rako zerga-bilketa %4,37 handitzea espero bada ere, UFFFaren bariazioa %5,13 litzateke. Ogasunak esan duenez, horren atzean bi arrazoi daude: batetik, UFFFa kalkulatzeko koefiziente bertikala %57,5tik %58era pasako da; bestetik, zerga bilketaren hazkundea zerga erreforman oinarrituta (batez ere PFEZ eta BEZa).

Batzar Nagusietan akordioa lortu da zerga itunduetan udalek duten partaidetza handitzeko. Horren arabera, UFFFaren kalkulurako aplikatzen den koefiziente bertikala –UFFFtik zenbat diru ematen zaien udalei– %57,5tik %58ra pasako da 2013an (3,5 milioi euro gehiago). Gogoratu behar da 2012an portzentaje hori %57tik %57,5era pasa zela. Hazkunde horrek bi urte horietan finantzazioa 7 milioi eurotan gehitzea ekarri du, eta etorkizunerako bere horretan finkatu egin da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak