Tokiko Agenda 21 administrazioaren ekintza planetan iraunkortasunaren aldagaia txertatzeko eta politika publiko horiek ebaluatzeko metodologia bat da eta, metodologia hori erabilita, udalerriek ekintza planak egiten dituzte. Hain zuzen ere, plan horien betetze maila aztertzen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako departamentuak urtero, 2002tik, tokian tokiko teknikarien laguntzaz. Planen ezarpena modu objektibo eta komunean aztertzea da azken helburua. Aurten, esan bezala, 40 udalerriren eta bi eskualderen ekintza planak aztertu dira: 5.490 ekintza guztira. Horretarako, 647 udal teknikari eta arduradun politikok hartu dute parte azterketan.
Ingurumen arloak
Udalerrien tokiko ekintza planek ingurumenarekin lotutako arloak izan ohi dituzte ardatz: mugikortasuna, energia edo ur kontsumoa, naturaren babesa… Dena dela, iraunkortasun kontzeptua zentzurik zabalenean hartuta, badira herritarren bizi kalitatearekin, justizia sozialarekin eta ekonomia biziberritzearekin lotutako arloak ere. Beraz, mota guztietako ekintzak egiten dituzte Gipuzkoako udalerriek, tokiko ekintza planen bidez: mendietako bideak mantentzea, basoen kudeaketa iraunkorra, ur hornidura sareko ihesak saihestea, auzo zaharrak berritzea, leku publikoetan igogailuak jartzea, industrialdeak ingurumen irizpideen arabera urbanizatzea, adinekoen autonomia sustatzea, gazteen emantzipazioa bultzatzea, auzolana berreskuratzea…
Politika publikoak gardentasunez garatzeko
Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak adierazi duenez, Tokiko Agenda 21 potentzial handiko tresna da: "Alde batetik, administrazio publikoen ekintza planak garatu, haiek ebaluatu eta betetze mailak herritarrei aurkezteko aukera ematen duelako, hau da, politika publikoak gardentasunez garatzeko aukera ematen duelako. Bestetik, iraunkortasuna modu integralean garatzea ahalbidetzen duelako; ingurumenean eta arlo sozial eta ekonomikoan iraunkortasuna txertatzea, alegia".
Tresna honek ematen dituen aukeretan sakontzeko asmoa azaldu du Foru Aldundiak.