Katoliko izan edo ez, Domu Santua ospatuko dute gehienek

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 29a

Direnak direla norberaren sinismen erlijiosoak, edo sinismen erlijioso ezak, debagoiendar guztiondako berezia izango da azaroaren 1a. Eliza Katolikoarendako, Domu Santu da, hildako guztiak gogoratzeko eta omentzeko eguna, baina katolikook zein gainerakook modu berezian gogoratuko ditugu hil diren arbasoak, hain justu egun horretan.

Zergatiak ez dio beharbada ezer zor norberaren fedeari, eta bai, ordea, Euskal Herriko kulturan eta ohituretan. Gaur egun fede katolikoa bere momentu onenean ez dagoen arren, mendeetan zehar, gaur egungo kultura iragazten joan da, eta hori erabiltzen dugun egutegian, dauzkagun ohituretan… islatzen da.

Arrasateko parrokoa da Horacio Argarate, eta berak honela azaltzen digu: "Sinestunek fedearen arabera jokatuko dute, baina pertsonak gara eta sortuak izan gara. Horregatik, joan zaizkigunak maite izan baldin baditugu, ezin ditugu ahaztu". Eta munduko bazter guztietan gertatzen da hori: "Txinan, arbasoen inguruko kultura izugarria dute; gure euskal arbasoek mendira jotzen zuten hildakoendako lekua sortzera; Afrikako tribuek ere arimak gogoratzen dituzte; budua bera ere horretan oinarrituta dago… Domu Santuak kristautasunean bidea eginda dauka, eta kultura hori gurean nagusi izan den bitartean horretaz kutsatuta dago; baina berdin da, mundu osoan ez dago herririk edo familiarik aurrekoak gogoratzen ez dituenak".

Argarateren esanetan, orain azaroaren 1a hildakoak modu berezian gogoratzeko eguna izateak indar handia duenez, jende gehienak, katolikoa izan edo ez, "egun hori aprobetxatzen du" zer edo zer berezia egiteko: "Beti dago oroitzapen berezi bat. Adibidez, bateren batek amak gustuko zuen kantu hura entzungo du; beste batzuk mendira igotzen dira… Norberak bere modua topatu du, gazte jendeak ere bai", azaltzen du.

Erromako martirien omenez 

Domu Santu eguna antzinako ohituretatik eratorritako ospakizuna da. Kristauak Erromako Inperioaren garaietan jazartzen zituztenean, hainbeste martiri izaten zirenez, horiek guztiak omentzeko egun bat hartzen hasi ziren. Hori IV. mendean gertatu zen. Behin Bonifacio IV.aren aitasantutza-aldian, 600. urte inguruan, maiatzaren 13a bihurtu zen martiriak gogoratzeko eguna, Aita Santu horrek Erromako panteoi bat kontsakratu baitzuen egun hartan. Gregorio III.ak (731-744) azaroaren 1era pasatu zuen ospakizun hori, zeltarren Hildakoen Egunarekin (urriak 31) bat egin zezan, eta Gregorio IV.ak zabaldu zuen ospakizuna Eliza Katoliko osora.

Ospakizuna aldatzen ere joan da, hala ere. Eliza Katolikoarendako, azaroaren 1a eta 2a, bi egunak ziren hildakoei eskainitakoak: bata, Santu Guztien Eguna; eta bestea, Hildakoen Eguna edo Hildako Fededunen Oroitzapen Eguna. Azken horretan, purgatorioan zeuden arimen alde egiten zen otoitz eta hilerriak bisitatzen ziren. Kultura katolikoko zenbait herrialdetan, oraindik azaroaren 2an ospatzen dute Domu Santua.

Horrenbestez, gaur egungo Domu Santu eguneko ohitura ez da ere hain antzinakoa: Horacio Argaratek azaltzen duenez, gaur egun ezagutzen dugun moduan, ospakizunak 1.000 urte ditu. Ordukoa da ere hilobia lorez apaintzeko ohitura. Argarateren esanetan, bultzatzailea Clunyko Odilion abatea izan zen. Hura oso abate boteretsua eta eragin handikoa izan zen, eta bere eraginpean zeuden monasterioetan azaroaren 2a ezarri zuen hildako guztien alde otoitz egiteko egun gisa. Hortik mundu katoliko osora zabaldu zen ohitura. Horacio Argaratek dioenez, "hilobiak loreekin apaintzeko ohitura hori nahiko berria da" eta garai horretatik dator.

Clunyko abateak eta Vatikanoak lehendik zegoena gaurkotu eta bateratu egin zuten. Kristautasunaren aurretik, kultura guztiek zaintzen zuten arbasoekiko lotura berezi hori. Euskal jentilek eguzkiaren inguruko sinboloak eta ospakizunak egiten zituzten, eta mendiarekin lotutako errituak ere bai. Eta loreak eroateko ohitura ere berri samarra da Euskal Herrian: lehen, argizaiolak eroaten ziren hilobietara. On Jose Miguel Barandiaranek ikertu zuen ohitura hori, eta heriotza eta suaren arteko loturaren gainean hauxe idatzi zuen: "Aro megalitikoko beste hileta-erritu bat dolmen aurrean sua piztea zen". Eta hauxe azaldu zuen: "Erritu horren trukean, gaur egun hilobi ondoan argiak pizten dira, hildakoen arimek iluntasuna uxatzeko eskaintza hori behar dutela sinistuta". 

Argizaiolen ohitura nahiko galduta dago, baina, batez ere Gipuzkoako zenbait herritan, Domu Santu egunerako berreskuratu egin dute azken urteotan. Ohitura horren ordaina da, beharbada, hilobietan kandelak pizteko grina; denak, kobazuloko sua hil berri den arbasoari ondora eroateko antzinako inpultsuaren islak.

Bezpera, ondo pasatzeko 

Urriaren 31n, kultura zeltarrak Halloween –"Santu guztien bezpera"– edo Samhain jaia ospatzen zuen, eta gaur egun Ameriketako Estatu Batuetan hain zabalduta dago, justu, etorkin irlandarren eta eskoziarren eraginez. Zergatia hain-hain argi ez dagoen arren, folklorista gehienek uste dute zeltarrek urte berria ospatzen zutela, eta arbasoak omentzen zituztela gau horretan, hildakoen eta bizien munduen arteko muga urteko beste egunetan baino meheagoa zelakoan.

Debagoieneraino ere ailegatu da Halloween-en ohitura, nahiz eta neurri apalean, oraingoz behintzat. Arrasateko parrokoak dioenez, "Debagoienera ez da Halloween ospakizun garbia ailegatu, baizik eta gure Aratusteen antzeko joera bat. Hori horrela den aldetik, batez ere bi taldek ospatzen dute: umeek, bide batez gozokiak jasotzeko eguna dutelako; eta dantzalekuetan, gau girokoak direnez, gai bat ipintzeko eta gaua horrela pasatzeko aukera dutelako". Argaratek ez du uste bata bestearen lehia denik: "Bi sentimenduak desberdinak dira: bat ondo pasatzea da, eta bestea, gure aurrekoekin izandako maitasuna nola gogora ekarri, aurrekoek norberari zer eman dioten pentsatzea…"

Mezetarako dirua ematea 

Eliza Katolikora itzulita, Domu Santu inguruan bere ospakizunak izaten jarraitzen du, baina herriz herri, parrokiaz parrokia, aldatzen joaten dira.

Arrasaten, adibidez, kanposantuan batzen dira 17:00etan, eta hildako guztion alde otoitz egiten dute. Argaratek dioenez, "jende dezente" joaten da. Eguraldi onarekin, aire zabalean egingo dute, eta, euria bada, hilerriko bi pabilioietako baten.

Domu Santu egunean bertan ez, baina arimaren omenezko elizkizunak parrokia bakoitzak bereak ditu. Oñatin, adibidez, bederatziurreneko mezak ospatzen dira. Joxan Larrañaga parrokoak dioenez, "hilobiratu eta hurrengo egunetik bederatzi egun segidan, mezetan aipatu egiten da hildakoaren izena. Gero, egun baten, baina izenik aipatu gabe, urtean hil diren guztien aldeko meza ematen da. Eta gero, urtebete pasatu deneko meza; Oñatin, zapatu arratsaldetan egiten ditugu horiek".

Badago ohitura katoliko bat, ordea, fededun eta ez fededunek betetzen dutena: hildakoaren omenezko mezetarako dirua ematea. "Belaunaldi gazteagoek beharbada ez dute ondo ulertzen, baina fin-fin betetzen dute, hala ere. Jende gehienak lotura bat sentitzen du: jendeak horretarako eman badu dirua, mezak egiteko, horretarako erabiltzen dute. Eta Arrasaten, atentzioa ematen du zenbat meza irteten den. Leku guztietan gertatzen da, baina hemen nabarmen da gauza horiekin lotura handia dagoela", esaten du Arrasateko parrokoak.

Ehorztea garestiagoa da 

Etorkizunean, ordea, badirudi askoz jende gutxiagok ospatuko duela Domu Santua hilerrian. Izan ere, Arrasaten, kasuen %90ean gorpua erraustu egiten da, eta hor, norberak nahi duena egin dezake: batzuek errautsak gustuko leku baten banatzen dituzte; beste batzuek etxean gordetzen dituzte; hirugarren multzo batek gorpua erraustu baina hilerrian gordetzen du… Baserria edo, gutxienez, lur-saila duten familia batzuek lur-sail horretan lurperatzen edo botatzen dituzte errautsak.

Fede-galerak aldatu ez duena arrazoi praktikoek aldarazi dezakete, dirua moduko kontu prosaiko batek, alegia: kasu bat jartzearren, Arrasaten erraustea 310 euro pasatxo da 2012an, eta lurperatzea, 705 pasatxo, eta horrek lurperatzea, nitxo bakarraren mantenua eta lurperatze-eskubideak bakarrik hartzen ditu; gero, hezurtegia 10 urterako alokatu behar da; eta, bestalde, familia bakoitzeko, normalean, lau nitxo alokatzen dira. 10 urte barru, berritu egin behar dira alokairuak, eta tasa gehiago ordaindu.

-----------------

Horacio Argarate (Arrasateko parrokoa): "Askorendako, hilotza erraustea merkeagoa eta erosoagoa da"

Zenbatek aukeratzen dute gorpua erraustea eta ez hilobiratzea? Arrasaten, gehienbat, panteoia daukatenek aukeratzen dute hilobiratzea; urte askotarako dute panteoia, eta erabili behar izaten dute. Bestela, denok batera lurperatze hori ez da jendearen gustukoa. Badirudi norberak bere lekua gura duela. Oro har, jendeak nahiago du erraustu eta berak ikusi horrekin zer egin. 

Hori da arrazoi bakarra? Ez. Merkeagoa eta erosoagoa da: ez dago zergarik ordaindu beharrik, handik 10 urtera hezurrak atera beharrik… Batzuendako, intimoagoa ere bada: norberak bere gustuko lekuan banatzen edo gordetzen ditu errautsak.

-----------------

Santos Familiar (erretiratua): "Normalean, bai, urtero joaten naiz kanposantura, eta loreak ipintzen dizkiet senideei. Sinistuna naizen? Bada, ez banintz, ez nintzateke joango".

Tina Hernandez (etxekoandrea): "Lehen urtero joaten nintzen kanposantura, baina aspalditik utzita daukat; orain, ia jende guztiak erraustu egiten du gorpua, eta ez da nabarmentzeko ezer egiten".

Eguzkiñe Loiti (langilea): "Ez, ez dut Domu Santu eguna ospatzen. Guk errautsak baserritik gertuan bota genituen eta Elizatik aparte egiten ditugu egin beharrekoak".

Iñaki Cacho (ikaslea): "Ni ez naiz kanposantura joaten; ez dut sekula ohitura hori izan eta orain ere ez dut, ez naizelako sinistuna. Lagunekin parranda egiten dut egun horretan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak