Datorren azaroaren 5etik aurrera, Lurraldebus txartelak internet bidez kargatzeko aukera izango da, www.lurraldebus.net webgunean. Hala ere, internet bidezko karga egin ostean, erabili aurretik, nahitaez, autobus gidariari edo leihatilako txartel saltzaileari karga balioztatzeko eskatu behar zaio. Eskaera hori Lurraldebuseko autobusetan eta Irungo eta Errenteriako hiri-autobusetan egin ahalko da, ez gainerako hiri-autobusetan (Donostian, Arrasate, Hernani eta Oiartzun).
Hemen txartela Internet bidez kargatu ahal izateko egin beharreko urratsak:
- Sartu www.lurraldebus.net webguneko Gune pribatuan. Ez bazaude erregistratuta, alta eman beharko duzu, eta horretarako Lurraldebus txartelean azaltzen den zenbakia sartu eta sarrerako gakoa eskatu besterik ez duzu egin behar.
- Hautatu “Kargak” fitxa.
- Sartu txartelean kargatu nahi den zenbatekoa (5 euroren multiploak izan behar dute eta gehienez 100 euro). Webgunean ezingo da kargarik egin txartela iraungita edo baliogabetuta badago, edo aurretik webgunearen bidez eginiko beste karga bat gauzatu gabe badago (eskatuta eta autobusean balioztatu edo gauzatu gabe).
- Hautatu kontu elektroniko edo finantza-txartel bat duzun banketxea, ordainketa egiteko. Ez baduzu, aukeratu “Beste entitate batzuk”.
- Banketxearen orrian zaudenean, hautatu aukerak edo jarraitu zure banketxeak agindutako urratsak.
- Dirua kargatu ondoren, inprimatu edo idatzi egindako eragiketaren “bilaketa” kodea. Webgunean kargatzerako orduan eragozpenik edo zailtasunik izanez gero, jar zaitez harremanetan Lurraldebus gunearekin (943 000 117) eta kode hori jakinarazi bezero harretako langileari.
- Kargatutako dirua erabili ahal izateko ezinbestekoa izango da txartela erostean edo autobusean sartzean saltzaileari edo gidariari adieraztea internet bidezko karga gauzatu edo balioztatu nahi duzula (eragiketa hori gidariak edo saltzaileak egin behar du). Gidariak hori egindakoan txartelen makinak automatikoki tiket bat (kargaren ziurtagiria) inprimatuko du, eta hori gordetzea komeni da.
- Gidariak webaren bidezko karga balioztatu ondoren, txartelean azalduko da saldoa eta erabiltzaileak bidaia ohiko moduan ordainduko du, txartela makinatik pasatuz, autobusean sartzean eta irteterakoan.
- Oso kontuan hartu behar da karga bat egiten den aldiro erabili ahal izateko Lurraldebuseko autobusetan, Irun eta Errenteriako hiri-busetan eta Pesako leihatiletan gauzatu edo baieztatu behar direla, eta, beraz, karga mota hau ezin dela gainerako udal zerbitzuetako autobusetan egin (Donostia, Arrasate, Hernani Oiartzun).
- Webgunearen bidezko kargak 23:00ak baino lehen eskatzen direnean, biharamuneko 05:00etatik aurrera prest egongo dira Lurraldebuseko ibilgailu guztietan baieztatzeko (23:00ak ondorengo kargak egun bat geroago gauzatuko dira).