Zuloak rock taldearen kontzertua azaroan Oñatin eta Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urr. 25a, 12:22

Donostia, Gasteiz, Iruñea, Bilbo, Madril eta Bartzelonako zinemetan bi astez karteldegian egon eta gero, Fermin Muguruzaren 'Zuloak' filma zine jaialdietako ibilbidea hastera doa, eta, aldi berean, Zuloak taldeak kontzertuak eskaintzen jarraituko du. Ourense, Berlin edota Mexikoko zine jaialdietan emango ditu kontzertuetako batzuk eta baita Euskal Herriko bestelako agertokietan ere: azaroaren 9an Oñatiko Gaztelekuan eta 22an Arrasateko Gaztetxean; 10ean Barakaldoko BECen eta 24an Ondarruko Kafe Antzokian. 

Film dokumentala egiteko sortu zen fikziozko banda errealitate bilakatu da, eta datozen aste eta hilabeteetarako kontzertu mordoa hitzartu dituzte. Hiru lagunek osatzen dute zuzeneko banda: Tania de Sousa abeslariak, Ainhoa Unzueta gitarristak eta Uxua de la Fuente Ursula Strong bateria jotzaileak. Irailaren 14an kaleratu zuen taldeak bere aurreneko diskoa, Bilboko Kafe Antzokian. Haien kantuetan, besteak beste, sexuaren, askatzeko gogoaren eta abortuaren inguruan hitz egiten dute.

Taldeak muga-eguna izango duela azaldu du Fermin Muguruzak: "Urtebeteko kontua izango da, asko jota. Gero, bakoitzak bere bidea egingo du". Izan ere, taldeko abeslaria eta gitarrista beste proiektu batzuetan dabiltza. Las Putas del Mistol taldean De Sousa, eta Itzalen Unzueta.

Film dokumentala

Euskal Herriko eszena musikaleko emakumeez hitz egin nahi zuen Muguruzak eta horixe egin du Zuloak filmean, errealitatea eta fikzioa nahasten dituen "sorkuntzazko dokumentala"ren formula erabilita. Fermin Muguruzak zuzendu du eta Eider Rodriguezek egin ditu gidoigile lanak. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten filma irailaren 22an, eta urriaren 5ean zinema aretoetan.

Eta Orain, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Bilbo, Madril eta Bartzelonako zinemetan bi astez karteldegian egon eta gero, zine jaialdietako ibilbidea hastera doa: zapatuan Galizian izango da, Ourensen ospatuko den Zine Independentearen Nazioarteko Jaialdian (OUFF); datorren astean –azaroak 2–, Berlinen; azaroaren 8an, Elgoibarren, Arnaldo Otegiren aldeko plataformak antolatutako ekitaldi batean; eta azaroaren erdialdean, Mexikon ospatuko den DOCSDF festibalean.

Debagoienean

Filma Debagoienera iritsiko den edo noiz iritsiko den jakiteke dago oraindik, baina filmerako sortutako rock taldearen musikaz gozatzeko aukera izango dela segurua da: kontzertu bana emango dute azaroaren 9an Oñatiko Gaztelekuan eta 22an Arrasateko Gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak