Gipuzkoako autobideetan 25 euroko muga jartzeko proposamena aurrera doa

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 25a

ViaT sistema dutenek Gipuzkoako errepideetan gehienez 25,64 euro –%21eko BEZ barne– ordaintzeko proposamena onartu egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituren Batzordean. Alderdi guztiek aho batez onartu dute proposamena. Orain Gipuzkoako Batzar Nagusiek berretsi beharko dute neurria. Helburua da 2013 urte hasierarako martxan jartzea.

Atzo, eguaztena, onartutako neurriak AP-8 eta AP-1 autobideetako erabiltzaileei eragingo die, hau da, ViaT sistemadun Gipuzkoako autobideei. Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek azaldu duenez, hilero 25,64 euroko kopurua gainditzen duten 15.000 erabiltzaileri eragingo die neurriak, baita noizean behin gainditzen duten beste 28.000 erabiltzaileri ere.

Adibidez, hilabeteko egun guztietan Donostiatik Eibarrera bidea egiten duten gidari guztiek, ViaT sistema (telepeajea) badute, datorren urtetik aurrera 25,64 euro ordainduko dituzte; orain hilean 73,35 euro ordaintzen dituztela azaldu du Ugartek.

Egun, ViaT sistemaren erabiltzaileek Gipuzkoako autobideetan izaten duten deskontua bidaia kopuruaren araberakoa izaten da: zortzigarren bidaia arte, %25 deskontatzen zaio; 20 bidaiara bitartean, %55; eta 21 bidaiatik aurrera, deskontua %75 izaten da. Neurri berria onartu arren, deskontu horiek aplikatzen jarraituko dute, baina  hilabetean 25,64 euroko muga gainditzen duen orori itzuli egingo zaio diru kopuru horretatik aurrera ordaindutakoa, ViaT sistema badu beti ere.

Aukera hori baliatzeko, erabiltzailea Gipuzkoako edozein herritan erroldatuta egotea beharrezkoa izango da, baita zergei dagokienean betebehar guztiak egunean dituela ziurtatzen duen agiria aurkeztea ere.

Neurriak urtean 1,3 eta 1,8 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, baina hau Bidegik Bidelanekin duen kontratuan izan duen 1,3 milioi euroko jaitsierarekin orekatuko dela azaldu du Diputazioak.

Neurri "partziala"

Alderdi guztiek neurria onartu duten arren, EAJ, PSE-EE eta PPko ordezkariek neurri "partziala" dela azaldu dute, eta Bilduk "errepideen ordainketarako aurreikusten duen sistema integrala ezkutatzen" duela gaineratu. Bestalde, Rebeka Ubera Aralarreko batzarkide taldeko bozeramaileak esan du oso urrats "positiboa" dela eta "herrialde justu eta solidarioagoa erdiesteko lehenengo pausoa" besterik ez dela izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak