Finantziazioaz ekintzailetasunaren inguruko jardunaldiko azken saioan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urriaren 23a

Ekintzailetasunaren gaineko jardunaldiaren hirugarren eta azken saioa egin dute goizean Garaia Berrikuntza Gunean. 80 lagun inguru elkartu dira gaurkoan eta enpresa berri bat sortzeko erronkaren aurreko finantziazio moduak izan dituzte hizpide.

Amaitu  da urrian zehar Garaia Berrikuntza Gunean egin duten ekintzailetasunaren gaineko jardunaldia. Hilaren 9an hasi eta gaur goizean egin dute Ekintzaileekin ekintzailetasunaz ikasten lelopean burututako jardunaldiaren hirugarren eta azken saioa. 76 pertsonek jarraitu dute bertatik bertara azken saioa; gehienak unibertsitateko ikasleak eta ekintzaileak izan dira nahiz eta langabetu eta enpresei ere zabalik egon den parte hartzea.

Bestalde, hiru astetan zehar eginiko jardunaldian denetariko hizlariek hartu dute parte. Enpresa martxan jarri berri dutenak eta dagoeneko ibilbide bat dutenak aritu dira beraien esperientziaz berba egiten. Gai ezberdinak jorratu dituzte hiru saioetan zehar, eta gaurko kasuan finantziazio moduak izan dituzte hizpide. Modu horretan, K35, Virtualware, ETIC, Iriscom, Saludnova eta Enisa enpresen hasiera eta bilakaeraz gehiago jakin dute.

Urrian zehar burututako jardunaldiaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Helburua, ekintzailetasun espiritua gizarteratzea izan dela adierazi digu Andoni Gartzia Garaia guneko zuzendariak.

Ideia bat, ekintzaile bat

Ekintzaileekin ekintzailetasunaz ikasten jardunalditik ateratako ondorioetariko bat, ekintzailea ideia on bat duen edozein pertsona izan daitekeela izan da. Berdin dio gazte edo heldu, edozein adinetan eduki baitaiteke egi bilakatu daitekeen ideia. Jardunaldiarekin, egitasmoa errealitate bilakatzeko gakoak gerturatu dizkiete parte hartzaileei.

Gartziak gaineratu duenez, krisi garaietan sortu dira egun ezagutzen diren enpresa arrakastatsu asko, eta animatu egin du jendea iniziatiba hartu eta ekintzaile  izatera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak