EAJ garaile E.A.E.en eta EH Bildu Debagoienean

Jon Berezibar 2012ko urr. 22a, 01:58


 

Aurreikuspenak bete eta EAJ atera da garaile Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeotan. Gainera,  inkestarik positiboenek aurreikusten zizkioten 27 eserlekuak eskuratu ditu. 2009an eskuratu zituen 30 legebiltzarkideetatik 27ra jaitsi da. Irabazle atera da berriro ere, eta hala izan da 1980az geroztik, 1986an izan ezik (EArekin banandu zen orduan, eta hala ere, bototan sozialisten aurretik joan ziren jeltzaleak). 


Gertu-gertuan du, hala ere, EH Bildu koalizioa; indartsu sartu da, 21 eserlekurekin. Esan behar da, gainera, ezker abertzaleak hauteskunde autonomiko batzuetan eskuratu dituen emaitzarik onenak izan direla atzokoak, legez kanpo lau urte eman eta gero. Konparazio bat egitearren, 1998an ETAren su-etenarekin eta Lizarrako akordioarekin, 14 legebiltzarkide eskuratu zituen Euskal Herritarrok alderdiak.  

Eta orain arte gobernuan izan diren alderdiei dagokienez, PSE-EEri 14 eserleku ematen zizkioten inkestek eta 16 eskuratu ditu. Hala ere, kolpe gogorra hartu du, aurreko hauteskundeetan 25 eserleku eskuratu zituen-eta. 9-10 eserleku iragarri zizkioten kinielek, eta 10 eskuratu ditu, aurrekoetan baino hiru gutxiago. 

Euskadi vs independentzia 

Etorkizunari dagokionez, beraz, "sukalde" kontuak sartuko dira jokoan datozen egun eta asteotan. Urkulluk lehendakaritza ez eskuratzeko bide bakarra da EH Bildu eta PSE-EEk gobernua osatzea. Eta aldiz, alderdi bi horietakoren batekin elkartzea nahikoa du EAJk gehiengo absolutua eskuratzeko. 

Ospakizunak egiteko orduan, Iñigo Urkulluk berak Euskadiren aniztasuna nabarmendu du, akordio anitz eta zabalak beharko direla iragartzen. Horixe izan daiteke gakoetako bat. Bestea, akaso, militanteek eta alderdikideek ospakizunetan erakutsi zutena: EAJko jarraitzaileek …ari, ari, ari, Urkullu Lehendakari esaten zuten bitartean, EH Bildukoek independentzia oihua zuten nagusi. 

Gipuzkoan uste baino gutxiago

Gipuzkoari dagokionez, hemen gertatu da justu bi alderdi abertzaleen arteko berdinketarik handiena: 9na eserleku eskuratu dituzte. Hala ere, bototan EH Bildu atera da nagusi, 482 boto gehiagorekin. Hori bai, aurreikuspenen azpitik kokatu da ezkerreko alderdi abertzalea; seguru aski, Diputazioaren gobernua izateak ondorioak ekarri dizkio. 

Debagoienean ere behera

Eta gure ibarrak, Debagoienak, abertzaletasun orokorraz gainera, ezkerreko ukitua izaten segitzen du; izan ere, EH Bilduk eskuratu ditu botoen, %41,7, EAJren %33,8ren ondoan. Hala ere, Gipuzkoan moduan, Debagoienean ere beherakada igarri dute ezker abertzaleko hautetsiek, eta EAJrekiko aldea txikitu egin da. 

PSE-EEk, berriz, segitzen du izaten hirugarren indar, baina dezenteko urruntasuna gordetzen du beste biekiko, botoen %13,85 eskuratu duelako. PP dator hurrengo, baina oso urruti, botoen %3,62rekin.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak