Zenbat lagun zarete taldean?
Duela urtebete hasi ginen eta orduan 12 bat lagun geunden taldean. Orain 18 lagun inguru gara.
Zertarako egin duzue geldialdia gurean?
Ordezkatzen dugun taldearen berri eman gura dugu, eta herritarrei gure lana zein den azaldu. Baina helburu nagusia da etxe-kaleratzeen errealitatea azaleratzea. Denok entzun dugu kaleratzeak izaten direla, baina benetan zer diren, nola funtzionatzen duten eta mailegua ordaintzen ez denean zer gertatzen den ez dugu jakiten. Horren berri emateko hitzaldiek ondo funtzionatzen dute.
Kaleratzeen gaineko daturen bat ematerik bai?
Estatu mailan, 2012ko lehen seihilekoan, 2.400 baino gehiago izan dira. Horrek esan nahi du EAEn egunero 15 bat izaten direla, gehienak Bizkaian. Hala ere, Gipuzkoan egunero hiru kaleratze izaten dira.
Hiru egunero? Asko da, ala?
Bai, baina harrigarriena dena da talde moduan lanean urtebete badaramagu ere, ez dugula kaleratze bat bera ere geldiarazi. Hau da, uste dugu oraindik ere jendeak beldurra edo lotsa duela eta nahiago izaten duela kaleratzea isilpean egin. Egunero hiru izan eta guk urtebetean bat bera ere ez gelditzeak asko harritzen gaitu. Horregatik, hitzaldiokin-eta jendearengana heldu gura dugu.
Sinadurak biltzen ere ari zarete. Zein da helburua?
Bada, maileguen legea aldatzea. Eskatzen dugu etxebizitza ordainean ematearen bermea legeak har dezala. Noski, kaleratzeak geldiarazi egin behar dira, eta alokairu soziala bultza dezala ere eskatzen diogu legeari.