Eusko Jaurlaritzaren informatika eta telekomunikazioen sarea erabiliko da, berriz ere, hautesleku eta hauteskunde-mahai bakoitzeko emaitzak jasotzea bideratzeko, prozesatzeko eta denbora errealean jakinarazteko. Orotara, 3.500 pertsonak osatuko dute prozesu osoa beteko duen giza taldea, Hauteskunde Administrazioko Zuzendaritzak koordinatuta.
Taldean Zuzendaritzako arduradun eta teknikariak izango dira, baita telefonia eta informatikako teknikari eta langileak ere. Hauteskunde-mahai bakoitzean Administrazioko ordezkari bat egongo da, datuak hartzeko eta tratatzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren zentrora bidaltzeaz ere arduratuko da; han, datuak landuko dituzte berehala argitaratzeko, hainbat formatutan, Interneten eta hedabideen eskakizunetara egokituta.
Datuen aurkezpena
Boto kopuru esanguratsua zenbatu bezain azkar, eta kopuru hori hiru lurraldeen artean orekatua bada, datuak jendaurrean aurkeztuko dira. Mendia sailburuak jakinaraziko ditu emaitzei buruzko lehenengo datuak, eta hala, datuak modu publikoan eta hartzaile guztientzako zabaltzeari ekingo dio. Une horretatik aurrera, informazioa, –bai botoen kopurua, bai boto horiei dagozkien aulkiak ere– etengabe eguneratuko da, emaitzen % 100era iritsi arte edo behin-betikotzat jo daitekeen ehunekora iritsi arte.
Herrizaingo Sailetik aditzera eman dutenez, emaitzen berri emateko sistema hau beste hauteskunde batzuetan ere erabili da, eta arrakastatsua izan da; izan ere, hauteskundeen emaitzak modu fidagarrian eta azkartasunez jakinarazteko berme onenak eskaintzen dizkie herritarrei, euren esanetan.
22 milioi hauteskunde txartel
Urriaren 21eko hauteskundeetarako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailak 22 milioi hauteskunde txartel eta 1,5 milioi gutun-azal prestatu ditu, hauteskunde-mahaietan jartzeko, alderdi politikoen artean banatzeko eta posta bidez bozkatzean erabiltzeko. Zifra horri, gainera, posta bidez bozkatzea eskatzeko argitaratutako ia milioi erdi inprimaki gehitu behar zaizkio, baita beste horrenbeste gutun-azal eta jarraibide orri ere; Hauteskunde Administrazioaren Zuzendaritzak Espainia osoko Correos bulegoetan banatu zituen hauteskunde deialdiaren biharamunean.
Horiez gain, hauteskunde-mahaietako kideentzako jarraibideak jasotzen dituzten 34.000 eskuliburu ere plazaratu eta banatu dituzte.
Bozkatzeko txartelak, gutun-azalak eta hauteskunde inprimakiak argitaratzeko erabili den papera erabat ekologikoa da, eta ingurumen iraunkortasuneko irizpideen arabera ekoitzi da.
5.000 ertzain baino gehiago
Urriaren 21eko bozketa-prozesuaren segurtasuna bermatzeko Ertzaintzak izango duen segurtasun-dispositiboa 5.000 agentek baino gehiagok osatuko dute. Domekan dispositibo horretan parte hartuko duten ertzainen zati bat –2.000 inguru– zuzenean hauteslekuak zaintzeaz arduratuko da, udaltzaingoetako kideekin lankidetzan; gainerakoek laguntza-lan osagarriak egingo dituzte eta alerta-egoeran egongo dira egun osoan.
Hauteslekuak babesteko ardura izango duten ertzainak mahaiburuen esanetara egongo dira. Agente horien zereginen artean daude: hautesleku-esparruan eta inguruetan propaganda politikoa egitea eragoztea; pertsonak hauteslekuetara modu ordenatuan sartzen direla kontrolatzea; boto-emaileek inolako bortxa edo presiorik jasaten ez dutela bermatzea; gaixorik dauden edo ezintasunen bat duten pertsonei hauteslekuetara sartzen laguntzea, Gurutze Gorriko eta DYAko osasun-langileekin lankidetzan…
Horrez gain, hauteskunde-dokumentazioa Bake Epaitegietan entregatzeko orduan, Ertzaintzak lagundu egingo die mahaietako kideei, horrela eskatzen badute behintzat.
Dispositibo horrekin, hauteskunde-prozesu guztia behar bezala garatzeko mantendu den operatiboa amaitutzat emango da.