Martxelo Otamendi: "Merkea da torturatzea Espainian"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 17a

Estrasburgok Espainia kondenatu du Otamendiren tortura salaketa eraginkortasunez ez ikertzeagatik; Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu duela ebatzi du eta, ondorioz, 24.000 euroko ordainsaria ordaindu beharko dio Espainiak Martxelo Otamendiri. 'Euskaldunon Egunkaria'-ko zuzendari ohiak eskerrak eman dizkie abokatuei, "lan bikaina egiteagatik". Iñigo Iruin abokatuak esan du "oso sententzia garrantzitsua" dela.


Video streaming by Ustream

Estrasburgok zuzenean egin die kritika Espainiako auzitegiei, Iruinek azpimarratu duenez: "Lehen aldiz Europako auzitegiak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten pasibotasuna salatu du, Juan del Olmorena. Kritika zorrotza egiten dio. Madrilgo Lurralde Epaitegiari, berriz, ikerketa osoa ez egitea leporatzen dio Europak". Iruinek iragarri du, gainera, halako epai gehiago etorriko direla Europatik.

"Torturengatik bizia galdu dutenak ditut gogoan"

Martxelo Otamendik 2008an jo zuen Estrasburgora, Espainiako Justiziako bide denak agortu ondotik. Gogoratu du bera ez dela Egunkaria auziko torturatu bakarra, eta eurak ez direla Euskal Herrian torturak jaso dituzten bakarrak. "Torturengatik bizia galdu dutenak ditut gogoan, bereziki, baita torturaren aurka egin duten erakundeak ere", gehitu zuen.

Torturak saihestea erraza litzatekeela esan du, deliturik prebisibleena delako, bere esanetan: "Erraza da aurretik jakitea nork egingo duen delitua, baita non eta noiz egingo duen ere". Baina Espainiak horretarako borondaterik ez daukala salatu du eta "merkea" dela torturatzea Espainian gaineratu, azken batean milaka euro batzuk baino ez dituelako ordaindu behar kontrako epaia badu, oraingoan bezala.

Egunkaria auzia bukatu gabe dagoela nabarmendu du, gainera. "Egunkaria-ko sumario nagusian —itxierakoan— absoluzio epaia eman zen, gaur tortura auzi bat irabazi dugu, baina auzi ekonomikoan zortzi lagun oraindik auzipetuta daude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak