Iker Iglesias aretxabaletarraren Txinako argazkiak, Oñatin miresgai

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 19a

Iker Iglesiasek (Aretxabaleta, 1977) errekonozimendua lortu du argazkilari gisa. Gaur egun Madril eta Bartzelonan dihardu erretratugintza eta moda inguruko argazki editorialekin lanean, bere estiloa eraikitzen. Baina bidaia-argazkiengatik ere ezaguna eta saritua izan da, eta Txinan iaz ateratako argazki ederrak ikusi ahal izango dira Oñatiko kultur etxeko erakusketa gelan, urriaren 28ra bitartean (18:00-20:00), Ilunpetan argazki taldeak antolatuta.

Erakusketa Txina eta Xingiang-en iazko apiril eta maiatzean ateratako 22 argazkik osatzen dute. Egilearen esanetan, herrialdeak duen pluraltasun "etniko, kultural, ekonomiko eta geografikoaren isla da" argazki bilduma hori.

Iker Iglesiasek dioenez, "kontraste izugarriak" ikusi zituen Txinako zonalde batetik bestera. Honakoa dio: " Xinjiang bera adibidez, Txinako probintzia izan arren, Ekialde Hurbilarekin lotura handia daukan lurraldea da. Kashgar oasi-hiria bera, Asiako erdialdeko karabana guneko toki estrategikoa, Karakorum-en bitartez Islamabadekin oso konektatuta dago. Eta hori nabari da ohitura, aurpegi zein janzkeretan. Batek ez daki Txinan, Pakistanen, Mongolian edo Turkian dagoen".

Horien beste aldean, Pekin edo Shanghai topatu zituen. Eta Txinarik "klasikoena" aurkitzeko, Pingyaora ere jo zuen Iglesiasek, eta bere bidaiako "Txinarik natural eta erromantikoena" Guilin edo Yangshuon ateratako argazkietan dago.

Txinak "argazkilaritza ulertzeko modua aldatu" ziola onartzen du Iglesiasek. Hona, bere hitzak: "Argazkirik pertsonalenetan atmosferen bila dihardut orain, argian eta kolorean oinarritutako ikuspegi berri bat. Atmosferak emozioetara iristeko errepide bihurtu dira, eta horrek nabari daitekeen norabidea eman dio neure estiloari".

Zinema-argazkilaritza

Txinako erakusketarekin jarraituko du Iglesiasek 2013ko abuztura arte. Proiektu berriak ere baditu: urte hasieran zinemarako argazki zuzendaritzan murgilduko da Valentziako zine zuzendari batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak