51.747 debagoiendar daude deituta domekan botoa ematera

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 19a

Domekan, urriak 21, izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta ia dena gertu dago herritarrek euren hautua egin dezaten. Alderdiek gauerdira arteko epea dute euren mezuak zabaldu eta botoa eskatzeko, eta biharkoa hausnarketarako eguna izango da. Behin hori pasata, domekan botoa eman ahal izango dute herritarrek, nork bere tokian, 09:00etatik 20:00etara.

Datozen lau urteotan EAEko lehendakaria nor izango den dago jokoan urriaren 21eko hauteskundeetan, baina domekan argitzeke geratuko da hori, ziurrenik, hauteskunde ostean alderdiek elkarren artean izango dituzten hartu-emanak erabakigarriak izango dira-eta, batek gehiengo absoluturik lortuko ez duelako.

Errolda

51.747 debagoiendar daude deituta domekan botoa ematera eta horietatik 1.058 atzerrian bizi diren debagoiendarrak dira.

 Herria Bertakoa Atzerria Guztira
Aramaio  1.199  47  1.246
 Antzuola  1.692  45  1.737
Aretxabaleta  5.390  64  5.454
 Arrasate  17.705  246  17.951
Bergara  11.614  227  11.841
 Elgeta  874  48  922
 Eskoriatza  3.169  32  3.201
 Leintz Gatzaga  200  12  212
 Oñati  8.846  337  9.183

Iturria: Estatistikako Institutu Nazionala.

3.500 lagun lanean EAEn

Egun horretan, 3.500 lagun ariko dira lanean EAEn, emaitzak jaso eta jakinarazteko. Emaitzak Hauteskunde Administrazioko Zuzendaritzaren datuak prozesatzeko zentrora helaraziko dituzte, eta, boto kopuru esanguratsua zenbatu bezain azkar, datuak jendaurrean aurkeztuko dituzte; une horretatik aurrera, informazioa etengabe eguneratuko da, behin betikotzat jo daitekeen ehunekora iritsi arte.

22 milioi hauteskunde-txartel inprimatu dituzte eta hauteskunde-mahaietako kideentzako jarraibideak jasotzen dituzten 34.000 eskuliburu. Bozketa-prozesuaren segurtasuna bermatzeko, azkenik, 5.000 ertzain baino gehiagok jardungo dute lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak