Salatu dute GGKEek %73 diru gutxiago dutela 2009a ezkero

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 16a

Espainiako Gobernuak prestatu dituen 2013rako aurrekontuetan, garapenerako laguntza ofiziala 1.300 milioi eurokoa izango da, Espainiako Barne Errenta Gordinaren %0,12. Horrek garapenerako laguntza "1981eko mailan ipintzen du", Espainiako GGKEen Koordinakundeak baloratu duenez. Erakunde horretako kideak dira Euskadiko eta Nafarroako GGKEen koordinakundeak, eta Debagoieneko Gobernuz Kanpoko eta Garapenerako hainbat erakunde ere.

GGKEen koordinakunde nagusiko presidenteak, Mercedes Ruiz-Gimenezek, "guztiz eskandalagarritzat" hartu du Espainiako 2013rako aurrekontu orokorrek "beste murrizketa bat egitea gizarte politiken multzoari, eta, horren barruan, kooperazioari". Ohartarazi duenez, "milioika lagunen bizitzarengan horrek dituen ondorioak guztiz bidegabeak eta gizatasun bakoak dira".

30 urteko politika

Espainiako koordinakundeak esan duenez, 2009a ezkeri, %73 txikitu dira garapenerako laguntzari Espainiako Gobernuak ematen dizkion diru publiko partidak, eta horrek "30 urte baino gehiago dituen politika publikoa desegiten du", esan du Ruiz-Gimenezek. "Egoera oso-oso larria da eta ez du aurrekaririk", gaineratu du.

Espainiako Garapenerako Nazioarteko Kooperazio Agentziak %29 diru gutxiago izango du, eta bere partidetan ez dago zehaztuta GGKEek dagoeneko hartuta dituzten konpromisoetarako ere izango den diru hori. Era berean, ekintza humanitarioetarako aurrekonturik ez dela egongo gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak