1. Hainbeste saio aurkeztu ostean, zer geratzen zaizu egiteko?
Beti izan dut apur bat denetik probatzeko zortea; Telebilbaon emaztegaien desfileak ere aurkeztu nituen! Goizaldeko teledendak eta Teleberri geratzen zaizkit.
2. Inoiz izan duzu erreko zaren beldurrik?
Sarritan; arrisku hori badago. Aurkezleok badakigu lehenago edo beranduago kamaren beste aldean birziklatu beharko dugula. Gainera, beti daude batzuetan luzeak diren atsedenaldiak.
3. Estreinatu duzun azken saioa lehiaketa musikal bat da. Nola geratuko zinateke horrelako baten?
Gaizki, ahots txarra dut. Kantariek baino, instrumentuak jotzen dituztenek eman didate inbidia. Baina anis botila batekin eta koilaratxoarekin ere desafinatuko nuke!
4. Patagonia eta Aconcaguako kontuak platotik ikusten dituzu. Zeu joango zinateke hara?
Saiatu dira Aconcaguarako tentatzen, baina ez naiz mendira igotzekoa goian merenderorik ez badago. Momentuz, ez naiz oso abenturazalea eta neure burua frogatzeko beharrik ere ez dut.
5. Goizetan aurreko eguneko audientzia datuak ikustea...
Lanbideko okerrena da. Saio finkatuenekin ere, urduriago jartzen naiz audientziekin zuzenekoekin baino. Azterketako notak jasotzea bezalakoa da.
6. Pásalo-n sei urte eman zenituen gaurkotasuneko eta zuzeneko saio bat aurkezten. Azkar esaten da!
ETBn horrelako zerbait egin zen lehen aldia zen; politikaren alde egin genuen eta funtzionatu egin zuen. Asko eman zidan: beste kateetatik deitzen zidaten eta askotariko ahotsei egin genien lekua.
7. Zenbatetan pentsatu duzu: "Isilik egon izan banintz..."
Askotan. Erreza da gertatzea sei urtetan egunero bi ordu eta erdiko zuzenekoa egiten baduzu. Hanka sartzean, onena da zuzentzea eta barkamena eskatzea; horretarako ez dut arazorik.
8.Aurtengo Okondoko txakolina babestu duzu. Zenbat botila dituzu?
Txakolina asko gustatu arren ez nuen Okondokoa ezagutzen eta aurkikuntza bat izan da. Pare bat kaxa baditut etxean. Pena ez izatea sei hilabetean behin!
9. Gomendatu motor gainean egiteko bidaiaren bat.
Motorzalea naiz, baina lasai doanetakoa, paseatzea gustatzen zait. Gomendatzeko moduko ibilbidea da Bilbotik Urbaneja del Castillo ingurura joatea; baita Bilbotik Santanderrera joatea ere.
10. Zure azken 60 minutuak zertarako erabiliko zenituzke?
Bakarrik behintzat ez, konpainian emango nituzke; seguru asko emakume batekin. Ez nuke une bat ere emango egindako ezertaz damutzen.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Zerbait magikoa egiteko boterea banu, bankuak derrigortuko nituzke euren eta euren zikoizkeriaren kulpagatik sortu den barrabaskeria hau guztia ordaintzera. Euren aberastasuna hartu eta herrialdea altxatzen inbertituko nuke. Uste dut ez litzatekeela epaitegirik egongo hori egitea aurpegiratuko lidakeenik".