Zelan iritsi zitzaizun Aloñako taldean jokatzeko proposamena?
Taldeko entrenatzaile Andoni Azkargortak egin zidan proposamena, laguna dut-eta. Hark bazekien zertan egiten dudan lan, eta zelan. Eta taldeari zelan lagun niezaiokeen galdetu zidan. Izan ere, azken bi urteotan taldea goitik behera aldatu da, 16 jokalari igo dituzte gazte mailatik, eta hainbat beteranok taldea utzi dute. Hala, une aproposa zen arlo psikologikoa apur bat lantzeko. Oso pozik nago.
Zuretako ere esperientzia berria izango da; zure egunerokoa kirolera eramatea, alegia.
Futbola gertutik jarraitzen dut, ni ere jokalaria izandakoa naiz [Bergaran eta Antzuolan jokatu zuen, eta baita areto futbolean ere], eta etxekoekin edo familiakoekin sarri komentatu izan dut taldeekin psikologikoki lan eginda zenbat gauza hobe daitezkeen. Baina hor geratzen zen, komentario hutsean. Eta orain praktikan jartzeko aukera dut; bai, niretako ere esperientzia berria da.
Jokalarien jarrera oso garrantzitsua izango da eurekin batera halako lan bat hasteko orduan.
Zalantza barik, baina bai hemen eta baita kontsultan terapia egiten dudanean ere. Sarri etortzen zait jendea esanaz etxeko batek laguntza beharko lukeela, lagun batek... Baina norberak ez badu nahi laguntzerik, jarrera positiborik ez badu alferrik da, ezin da askorik egin. Azken batean, nire lana ez da ondokoari esatea zer egin behar duen, edo aholkuak ematen ibiltzea. Nire lana oinarritzen da ondokoari laguntzen harendako onena den hori bilatzen; hau da, bere bidea aurki dezan laguntzen diot. Hala, lan hori egiteko ez badago jarrera positiborik, alferrik da.
Zein da egiten duzun lana?
Proiektu berria izanda, arlo psikologikoa apur bat lantzea da asmoa, talde barruko komunikazioa hobetzea... Horretarako, saioetan berba egiten dugu, ondokoak esateko duena entzun; talde bateko kide garen neurrian, taldeari ze ekarpen egin diezaiokegun hausnartzen dugu, momentu konkretu baten izandako gertaera baten aurrean zelan sentitzen garen... Taldeka ariketak egiten ditugu, zerbait irakurri eta horren gaineko komentarioak egin... Azken batean, tartetxo bat hartzen dugu gutako bakoitza zelan gauden ikusteko eta horrek taldean duen eraginaz jabetzeko. Ordu eta erdiko saioak egiten ditugu, eta, normalean, beti luzatzen dira apur bat.
Izan ere, egun, arlo fisikoa, teknikoa eta taktikoa zaintzen dira izugarri. Baina psikologikoa?
Albora uzten dugu arlo psikologikoa, ez zaio ematen garrantzi handirik. Eta halako talde batean lan hau egin ahal izatea luxua da. Jokalariek ere euren partetik asko jartzen dute; kontuan hartu saio hauek entrenamendu orduetatik kanpo egiten dituztela, etxeko partidua jokatu aurretik elkartzen gara, goizean. Eta jokalarien jarrera positiboa izango ez balitz, nirea bakarrizketa hutsa izango litzateke, berbaldi bat. Baina ez, bestelako dinamika izaten dugu saioetan.
Entrenatzailearekin izan beharreko hartu-emana etengabea izango da.
Bai, saiatzen gara. Saioetan irteten diren balioak, konpartitzen ditugunak, horiek ere entrenatzailearekin partekatzen ditugu, hura ere bide beretik joan dadin. Izan ere, jokalarien lana alde batetik badoa eta entrenatzailearena beste batetik... zaila izango da elkarlana.
Adibide praktiko bat jartzearren. Realaren eta Athleticen arteko azken derbian, besteak beste, psikologikoki indartsuen zegoenak irabazi zuela esango nuke.
[Barre] Bai, ni ere iritzi berekoa izan naiteke. Bi taldeek liga zelan hasi duten ikusita, indartsuen zegoenak irabazi zuen. Eta indartsuen diodanean ez naiz arlo fisikoaz ari, eta bai psikologikoaz. Izan ere, maila horretan fisikoki guztiak antzera daudela esango nuke. Baina mentalki zelan zauden, ze lasaitasun duzun, talde barruan ze saltsa dauden... Eta saltsa horiek, gainera, kanpora irteten hasten badira, ba, lagungarria ez da, hori seguru. Gauza horietaz guztietaz deskonektatzea eta zure lana ondo egitea ez da batere erraza.
Ez dakit entzun duzun Athleticeko aldagelatik filtratu duten Bielsaren azken berbaldia. Bigarren finala irabazi ostean jokalariei esan ziena [Eguaztenean egindakoa da elkarrizketa, Bielsaren azken filtrazioa atera zuten egun berean].
Ez, ez dut entzun, baina irakurri egin dut zerbait. Talde barruko trapu zaharrak horrela aireratzeak ez du batere mesederik egiten, eta entrenatzaileari halako garrantzia ematea ere... Protagonismo handiegia hartzen dabil entrenatzailea, eta taldearendako hori ere ez da ona. Ez dakit nor dagoen horren atzean, baina mesede gutxi.
Taldeari mezu positiboak ematen dizkiolako, psikologikoki lan ona egiten duelako... Kirol munduan nor duzu erreferente?
Pep Guardiolak sekulako lana egin zuen. Jokalariekin beti jokatu du errespetuz, ahalegindu da protagonista ez izaten eta urte hauetan izan diren ika-miketan nahiko lasai mantendu da beti. Nik uste dut hori dela lan egiteko modu onena; izan ere, orain irten berri da, esaterako, Espainiako igeriketa sinkronizatuko Ana Tarresen kasua. Ez dut uste, inondik inora, elitean lan egitea aitzakia denik kirolariak errespetu barik tratatzeko, edo modu txarrez estutzeko. Nik, behintzat, ezin dezaket ulertu zelan atera dezakegun pertsona baten onena modu txarrenak erabilita. Momentu konkretu batean lor daiteke, modu txarren bat erabilita, norbait motibatzea; hau da, errebote efektua lortzea. Baina horrek ez du luzera begira balio.
Baina, neurri batean, barneratu dugu elite maila oso gogorra dela eta halakoak onartzen direla.
Nik ezin ditut onartu, baina ez elite mailako kirolean, eta ezta gutako edozeinen egunerokoan ere. Ez lantegian, ez familian, ezta seme-alabekin ere. Harreman batetik onena lortu nahi denean ezin dira modu txarrak erabili, kontrakoa lortzen delako.
Amaitzeko, Aloña Mendik hirugarren jardunaldian lortu du ligako lehen garaipena. Talde gaztea izanda, jokalariengan igartzen zen urduritasun puntu bat?
Igartzen zen, bai. Egia da gure lana ez dela epe motzera begira egiten dena, aste batetik besterakoa, baina jokalariengan igartzen zen. Hasierak guztiendako izaten dira zailak, denboraldi-aurrean lana ondo egin arren beti egoten dira zalantzak, zelan hasiko ote garen. Eta lehenengo garaipenak eman die beste jarrera bat, beste energia bat, talde moduan gehiago batu ditu.