Hauteskunde kanpaina interes bereziarekin jarraitzen ari zara?
Interes handiko hauteskundeak dira, ze, azkenean, lortuko baita hauteskunde maparen berridazketa. Orain arte mapa bat izan dugu, zeinetan ez den izan ezker abertzalea eta urriaren 21etik aterako denak iragarriko du aurrerantzeko mapa. Neurri batean, gainera, agian ez bigarren trantsizioa, baina bai sistema politikoaren bigarren fasea hasiko dugu.
Bada atentzioa, bereziki, deitu dizun ezer?
Bi kontu daude une honetan agendan: batetik, ekonomia krisia. Horrek baldintzatzen du alderdi politikoen jokaera, zuhurtasun handiz ari dira-eta. Ikusi dute krisia gogorra dela eta, bestalde, jakin badakite ez dutela krisi ekonomikotik irteteko errezeta magikorik. EAJk, esaterako, bere burua irabazle ikusten du eta zuhurtziaz dihardu eta dio: "Ez dakigu zerekin egingo dugun topo, zer dagoen kutxan, eta astiro-astiro joango gara…". Gero, bestalde, bada beste elementu bat ez dakiguna zenbateraino izango duen eragina hemen: Kataluniako independentziaren aldeko tsunamia. Ikusi behar zertan geratzen den: zirimiri batean, ekaitz tropikal batean… edo serioagoa izango den. Eztabaida hau ez zegoen agendan. Bazegoen EH Bilduren eta EAJren arteko lehia burujabetzaren inguruan, baina ez etorri den moduan. Zentzu horretan, auzi honek EAJ kaltetzen du.
Beldurraren mezua erabiltzen ari dira, bereziki, PPkoak eta PSE-EEkoak, independentziaren eta indar abertzaleen aurka egiteko?
Hor aurkitu dute euskarri edo helduleku bat. Azken finean, PPk ez dauka programa propiorik, Madrilen hartu beharreko neurriek baldintzatuta dagoelako. Espainiartasunaren ikur moduan aurkeztu dute euren burua. Bestalde, PSE-EEri ematen dio aukera esateko haiek espainiar zein euskal abertzaletasunaren lehiaren artean daudela, erdigunean, benetako arazoei erantzuna eman nahian. Alde horretatik, PPk eta PSE-EEk, auzi honekin, aurkitu dute lekutxo bat beren burua ateratzeko. Eztabaida horretan ez da sartuko EAJ, kalte egiten dioelako, EH Bilduri mesede egiten dion moduan.
Harriduraz hartu duzu Katalunian gertatu dena?
Zerbait egosten bazebilen lehendik. Esanguratsua izan zen, esaterako, Estatutu berria laminatu zutenean. Egonezin bat sortu zen orduan Katalunian eta egonezin horrek indarra hartu du. Kataluniako jendartean gorpuztu egin da halako nahi bat. Edozelan ere, kautela apur batekin begiratzen dut Kataluniara. Izan ere, 2004az geroztik izan zuten aukera, gehiengo handi batek Estatutu berria onartu zuelako, baina ez zuen aurrera egin, alderdi katalanen arteko zatiketaren ondorioz. Hegemoniaren arteko borrokak zapuztu zituen herriaren itxaropenak. Eta, adi, hemen ere egin genezake-eta tontakeria berbera. Ikusi beharko da Masek zenbateraino nahi duen olatuaren gainean surf egin edo uretan sartu. Aztertu behar, era berean, zergatik deitu dituen Masek hauteskundeak orain, ze, hasiera batean, gurea bezalako itun fiskal bat aldarrikatzen baitzebilen.
Zerk kezkatzen du, batik bat, herritarra gaur egun: krisiak, diru kontuak, ekonomiak ala burujabetzaren kontuak, ala biak doaz batera?
Hiritargo osoa, une honetan, krisiak kezkatzen du. Eta horixe da agendako lehentasuna. Eta bigarren mailan dago burujabetzarena. Baina gurean burujabetzaren kontua beti dago presente. Beharbada, EAJk eta EH Bilduk, batuta, zenbat lortzen duten dago agendan. Ezker abertzaleari hori aireratzea interesatzen zaio, baina, era berean, interesatzen zaio boterea ez eskuratzea, nahiz eta boto edo legebiltzarkide gehiago eduki. Barrura begirako hainbat lan dauzka ezker abertzaleak. Azken finean, gurean badago %35 bat-edo independentziaren alde dagoena, edozein dela egoera eta hori, agian, ez da Katalunian gertatzen. Hemengoa serioagoa da. Baina independentziarena ez EH Bildun ez eta EAJn, une honetan, ez da gehien lehenesten den kontua.
Orain arteko inkestek diote EAJ nagusituko dela eta indar abertzaleen arteko lehia izango dela, eta PSE-EEk eta PPk behera egingo dutela.
Oro har, beteko da eta, neurri batean, logikoa da. Orain arte Legebiltzarra oso baldintzatuta egon da, arrazoi asko tarteko: ezker abertzaleak parte hartu ez duelako, edo parte hartzen utzi ez diotelako, edo parte hartu arren, Legebiltzarrera joan ez delako, ze urte luzeak eman baititu erakundeetan parte hartu barik. Orain, ikusiko dugu zela geratzen diren bakoitzaren indarrak eta ikusiko dugu urte askotan galdu dela aukera bat abertzaletasuna nagusi izan zedin Legebiltzarrean. Bestalde, ikusi behar indar txikiendako tokirik geratzen den Gasteizen.
Zein izango da, zure ustez, hurrengo lehendakaria?
Urkullu.
Gobernatzeko laguntza beharko du, ordea. Zein izango da formula?
EAJri gustatuko litzaioke berak gehi beste edozeinek, izan EH Bildu, PSE-EE edo PP, 38 legebiltzarkide batzea; hau da, erabateko gehiengoa. Horrek emango lioke malgutasunez jokatzeko aukera. Eta, behin lehendakaritza lortuta, une bakoitzean, batekin zein bestearekin, gaiaren eta komenientziaren arabera, negoziatzeko aukera edukitzea. Hori izango litzateke EAJren ideala. Ikusi beharko, ordea, hori gertatzen den. Ze, hori gertatuko ez balitz, sozialistekin egin baitezake agintaldi osorako ituna, nahiz eta jeltzaleen eta sozialisten arteko harremanak puskatuta egon. Izan ere, EH Bilduk, esaterako, eskainiko dio itun nazional bat, baina hori ez zaio interesatuko EAJri. EH Bildu irabaztera etorri da, eta irabazten ez badu, etzi edo etzidamu irabaz dezake, hori nahiko du, abertzaletasunaren nagusitasuna edukitzeko.
Zela definituko zenuke Lopezen legealdia?
Txarto jaio zen: batetik, hauteskundeak irabazi zituena baztertuta geratu zen eta, bestetik, hauteskunde kanpainan PPrekin bat egingo zuela ukatu ostean, harekin egin zuen gobernu ituna PSE-EEk. Bestalde, egia da orduan zutela lehendakaritzara heltzeko aukera bakarra. Azkenik, ezin da ukatu garai txarra tokatu zaiela. Askoz errazago gobernatzen da kutxa beteta dagoenean. Orokorrean, 4,5 bat emango nioke Lopezi.
Orain arte kanpainan ikusitakoaren arabera, zer esango zenuke?
Nahiko klasikoa da eta lasaia izaten ari da. Sozialki, politikarien kontrako olatu bat antzematen da, politika kritikatu egiten da, eta hau datu kezkagarria da; politika duinago egiten hasi beharko ginateke. Edozelan ere, politika eta politikoak gaur egun txarto ikusiak daudelako kanpaina ohikoa baino lasaiago edo isilagoa egiten ari direla esango nuke politikariek eurek.