Zubillaga-Elorregi-Epele bidegorri zatia, hastear

Ubane Madera 2012ko urriaren 15a

"Epe laburrean" hasiko ditu Gipuzkoako Diputazioak Oñati eta Arrasate arteko bidegorri zatiko obrak. Behin hasita, zazpi hilabetean bukatuko dituzte obrak. Aurrekontua da 1.365.480 euro (BEZ barne) eta Construcciones Murias enpresak egingo ditu. Bidegorriaren beste zatiari, Oñati-Zubillaga tramuari dagokionez, berriz, lan guztiak abendu amaieran bukatuko dituztela aditzera eman du Diputazioak. 

Orain egiten hasi behar diren bidegorri zaitaren ibilbidearen ezaugarriei dagokienez, obrak Epeleko araztegiaren parean hasiko dira. 3,5 metroko zabalera duen bidea egokituko dute: "Bi metro bizikletentzat eta gainerakoa (1,5 metro) oinezkoentzat. Oro har, Vasco-Navarro trenbide zaharraren plataforman dago oinarrituta. Horregatik, trazatua, oinplanoan, laua da, eta batez besteko aldapa %1,66 inguru", zehaztu dute. 

Tramu horren luzera 4.556 metrokoa izango da; eta horri Zubillaga eta Oñati arteko zatia gehitzen bazaio, guztira, zortzi kilometro pasa izango ditu. 

Ondo argiztatuta 

Aipagarria da, baita ere, bidegorria ondo argiztatuko dutela; izan ere, Diputazioak iragarri du ibilbide osoan jarriko dituztela argi-puntuak: "Aire zabaleko zatietan 35 metroan behin jarriko dira eta tuneletan, 12 metroan behin led motako argiak, energia aurrezteko araudi guztiak betetzen dituztenak". 

Hiru zati 

Ibilbide orokorrari dagokionez, berriz, hiru zati ditu Arrasate eta Oñati arteko bidegorriak: Epele-Elorregi (1.800 metro); Elorregitik Fanderira sartzeko zubiraino (1.616 metro) eta Fanderiara sartzeko zubitik Zubillagako zubiraino. 

Lehen zatian, bi tunel

Lehenengo zatian GI-627 errepidearen paralelo doan plataforma aprobetxatuko dute bidegorria egokitzeko. Besteak beste, bi tunel zeharkatuko ditu, Errekabaltz eta Minazulueta. Elorregiko biribilgune ingurua, berriz, lurpetik gurutzatuko du. Eta hortik aurrera, bideak gora egingo du, Tavesako instalazioetara sartzeko Oñati ibaiaren gainean dagoen zubiraino. Zubia ere trenbide zaharraren zatia da, eta ibilgailu motordunekin partekatuko dute. 

Oñati ibaiaren paralelo

Bigarren zati ia osoa, berriz, Oñati ibaiaren paralelo doa, eta Fanderiako industrialdean, zati batean ibilgailu motordunetik partekatuko du bidegorriak. Bestalde, inguru hartan oraingo espaloia zabaldu egingo dute bi metrotik hiru eta erdira, bizikleta eta oinezkoendako bideari lekua egiteko.

Kale nagusiarena, berriro definitzea

Bukatzeko, Fanderiara sartzeko zubitik Zubillagako zubirainoko tramuko zubi bat –trenbide zaharrarena– ibilgailu motordunekin partekatu beharko da. Eta, besteak beste, azkeneko zatiko bizikleta eta oinezkoen bidea eginda dago, "Oñati ibaiaren uholde arriskutik babesteko obren zati gisa". Zubillaga auzoko zatian, berriz, "kale nagusiaren sekzioa berriro definitzea planteatu da: 150 metroko espaloia gehi sei metroko galtzada gehi 3,5 metroko bizikleta eta oinezkoen bidea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak