Hala, ibilbide luzeak 36 kilometro izango ditu, eta azken kilometroetarako indarrak gordetzea komeniko da, 26. kilometroan hasita 2 kilometroko igoera gogorra izango delako, Infernua izenekoa. Baina esfortzuak mereziko du, ondoren etorriko den kilometro eta erdiko jaitsiera ikusgarria delako. Eta hala izendatu dute gainera, Heriotzaren trialera izendatu dute. Hala, bizikleta gainean jaisten abilezia ez duenak hobe izango du patxadaz hartu.
Tarte horiek izango dira gogorrenak –martxa gehienetan izaten da tarte teknikoren bat– baina ibilbidea osorik egiteko arazorik ez da egongo, fisikoki gutxieneko baldintzak izanez gero. Hala ere, 30 kilometroko ibilbide lasaiagoa ere aurreikusi dute antolatzaileek.
Arrasaten eta Eskoriatzan
Oñatiko martxaren ostean txirrindulariek 15 egun izango dituzte atsedena hartzeko, urriaren 20ko eta 21eko asteburua potente datorrelako. Zapatuan Arrasateko martxa egingo dute Besaidekoek antolatuta, eta hurrengo egunean Eskoriatzakoek hartuko dute erreleboa.