Alderdi abertzale eta ez abertzaleen arteko desberdintasunak sekula baino ageriago geratzen dira Euskal Autonomia Erkidegorako dituzten planteamendu politikoetan. Hasteko, EH Bildu koalizioak zein EAJk argi dute gaur egun EAEk duen autonomia maila gainditu egin behar dela. Lehenak, baina, "eraldaketa politiko sakona" sorrarazi gura du eta ildo horretan, independentzia aipatzen du esplizituki, eta berak dioen moduan, gainera, "bakarra" da hori egiten.
Bigarrenak, berriz, euskal nazioa bai, baina independentzia berba ez du erabiltzen. Horren ordez Estatutu Politiko Berria eta Kontsulta Legea aldarrikatzen ditu marko politiko berri baterako bidean.
Horrez gainera, bien arteko lehian, EAJk orain arte egindako bidea, euren eskarmentua jartzen du berme moduan eta EH Bildu koalizioak, berriz, "desberdinak" direla aldarrikatzen du, besteak beste, esanez "edukietan eta izapideetan" izan nahi duela diferente.
Nazionalismoen "arriskua"
Alderdi ez abertzaleen artean, berriz, PSE-EEk Kataluniaren egoera ekonomikoa nazionalismoaren arriskuen eredu moduan jartzen du, eta horren parean Euskadiren oraingo autogobernua aldarrikatzen du.
Ezker Anitza-IU, berriz, ezkertiarren artean ezkerren lerratzen da, sistemaren kontra erabat eginez. Diote eurak ez liratekeela sistemaren parte izan beharko.
20 alderdi
20 alderdi aurkeztuko dira urriaren 21eko hauteskundeetara: 13 hiru lurralde historikoetarako, eta gainontzeko zazpiak horietakoren batean. 2009an baino zazpi gehiago dira.