Fagor Industrial bisitatu zuen Undak Turkiako enpresa-misioan

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 11

Industria sailburuak, Bernabe Undak, Fagor Industrialek Istanbulen duen lantegia bisitatu du, Turkian egiten dabilen enpresa-misioaren barruan. Gebze Güzeller industrialdean dago lantegia, 12.000 m2 hartzen du eta 100 langile ditu.

Fagor Industrialeko zuzendari orokor Antonio Sanchezek emandako datuen arabera, iaz 11,5 milioiko salmentak egin zituen. Horren zati handi bat Turkiatik Kazajistan, Ukraina, Georgia edo Azerbaijanera egiten dituzten esportazioei dagokie. Fagor Industrial enpresa liderra da ostalaritza, jende-multzoendako jangela zerbitzu eta garbikuntza sektoreendako soluzio integraletan.

Eraikinen %10 berriz egingo dituzte

Atzo oso egun emankorra izan zen Unda buru duen euskal ordezkaritzarendako. Hala, Turkiako Ekonomia ministro-orde Murat Mercan-ekin batzartu zen lehenengo Bernabe Unda. Harekin egon ziren Gamesa, Arteche eta Energiaren Euskal Erakundeko ordezkariak.

Energia hazten dabilen sektorea da Turkian. Hango Ekonomia Ministerioa 2015era arteko neurriak prestatzen dabil. Undak esan duenez, "energia eolikoarekin lotutako enpresek beste batzuek baino indartsuago egoten dira".

Euskadiko eta Turkiako teknologia zentroen arteko elkarlan akordio aukerak ere aztertu dituzte. Helburua da "Europako Batasuneko baliabide ahalik eta gehienak lortzea, elkarrekin". Energia ministerio-ordea konprometitu egin da elkarlan horren emaitzak "aurrera ateratzeko".

Istanbul bere burua eraberritzeko plana egiten dabil eta, horren ondorioz, hiriko eraikinen %10 bota egingo dituzte eta berriz eraikiko dituzte. Horregatik, enpresek "eraikuntza jasangarriaren sektorean aukera handiak" dituztela esan du Bernabe Undak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak