Onddoak, garaiko ehiza eta Bergarako erreilenotxoak udazkeneko jardunaldi gastronomikoetan

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urriaren 10a

Debagoieneko gastronomia dastatzeko edo herriak, eraikin dotoreak eta mendi ibilaldi zein natur gune zoragarriak bisitatzeko aukera eskainiko dute aurtengo udazkenean Jardunaldi Gastronomikoen XII. ekitaldian. Onddoak, garaiko ehiza eta Bergarako erreilenotxoak eskainiko dituzte bailarako 9 jatetxek atzo hasi eta abenduaren 9ra bitartean.

"Debagoienean murgiltzeko aukera paregabea dira, bertako kultura ezagutzeko eta baita ere, gure sukaldaritza, bertako produktuak dastatzeko. Turismo gastronomikoko produktu berritzailea, Eusko Jaurlaritzak turismo gastronomikoa bultzatzeko aurreikusten dituen ildoak bete-betean jarraitzen dituena". Halaxe diote Debagoieneko Mankomunitatetik.

Atzotik, urriaren 9tik, abenduaren 9ra bitartean izango dira eta proposatzen den esperientzia gastronomiko honen bidez, Debagoienean dauden baliabide gastronomikoak balorean jartzen dira elkartuz lehen, bigarren eta hirugarren sektoreak. "Gastronomiako produktu turistikoa garatzeko lana sarean eginez, eskualde mailako sarea osatuz gastronomiaren inguruan, hain garrantzitsua den erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana sustatuz".

Menu bereziak eskainiko dituzte eskualdeko jatetxe batzuk garaiko eta bertako produktuekin osatutakoak eta bertako produktuen ekoizpena ezagutzeko aukera zabala izango da. Aldi berean, Debagoiena eskualdeko eskaintza turistikoa ezagutzeko aukera desberdinak proposatzen dira.

Menu bereziak

Horrela, jardunaldietan, batetik, eskualdeko jatetxeek euren menuak eskainiko dituzte:

Menu guztiek bi lehen plater, bi bigarren plater, guztiak errazio erdikoak, postrea (bi postre, bat aukeran), txakolia edo Cruzcampo Gran Reserva garagardoa edo sagardoa edo ardo ondua eta kafea dute. Jatetxe bakoitzak zehazten du menua eskainiko duen eguna. Nahiz eta ez izan derrigorrezkoa aldez aurretik lekua hartzea, gordetzea gomendatzen dute, batez ere, lanegunetan.

Berrikuntza moduan jardunaldi hauetan hasierako mokadutxoa izango da Cruzcampo Gran Reserva garagardoarekin lagunduta. Menu bereziak dira, prezio berezietan eta garaiko produktuekin.

Jardunaldi hauetan menu guztietan ondorengo produktuak azalduko dira: Onddoak, garaiko ehiza eta Bergarako erreilenotxoak.

Jardunaldi bereziak

Jardunaldi hauen babesleak Auzolagun eta Cruzcampo Gran Reserva garagardoa dira. Hauek kafe eta garagardo dastaketak antolatuko dituzte.

Auzolagunek, esaterako, Debagoieneko hezkuntza zentroetan garaiko eta eskualdeko produktuekin tailerrak egingo ditu.

Bederatzi jatetxe

Ondorengo jatetxeek parte hartzen dute jardunaldietan:

  • Arrasate: Hilarion, Hamalau eta Santa Ana.
  • Bergara: Lasa eta Zumelaga.
  • Elgeta: Maialde Hotela.
  • Oñati: Etxe-Aundi, Goiko Benta eta Soraluze.

Bertako produktuen bisita gidatuak

Bestetik, bertako produktuen jatorria eta elaborazio prozesua ezagutzeko eskaintza zabala prestatu da, egun eta ordu zehatzak jarri dira bisita gidatu hauek egiteko.

Hauetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailean. 943 79 64 63 eta 943 71 89 11 telefonoetan edo turismo@debagoiena.net posta elektronikoan.

Bisitak ondorengoak dira:

  • Lapatza Antzuolako nekazaritza ekologikoko baserrirako bisita azaroak 19, goizeko 11:00etan.
  • Mendibitzu, Aretxabaletan bertako okela ekologikoa ekoizten duen baserrira bisita azaroak 24, goizeko 11:00etan.
  • Arantzazun dagoen Gomiztegi kooperatiba ezagutzeko aukera ere izango da Euskal artzaiaren ibilbideak egiteko.

Azken honetan bi aukera daude:

  • Batetik, Gomiztegi baserriaren bisita, artzaintzaren historia eta esnekien dastaketa (Idiazabal gazta, gazta urdina…). Urriak 13, 21, 27. Azaroak 4, 10, 18, 24. Abenduak 2, 8.
  • Bestetik, Gomiztegi baserria eta artzain txakurraren erakustaldia (dastaketarekin). Urriak 14, 20, 28. Azaroak 3, 11, 17, 25, 28. Abenduak 1, 9.

Leintz Gatzagan, Iturriko gatza mahaian gozo deituriko bisita. Bisita honetan, Jakion Debagoieneko barazki eta fruta kontserbagintza enpresara eta Gatz Museora bisita egiten da. Aurrez eskatuta edozein egunetan egiten da.

Leintz Gatzagako Gatz museoa

Gastronomiarekin harreman zuzena duen Leintz Gatzagako Gatz Museora hurbiltzeko aukera ere badago edota Eskoriatzako Ibarraundi Museora Zubiateko labe zeramikoa, Euskal Herrian gordetzen den onenetakoa ezagutzeko, aldi berean, buztingintzara hurbiltzeko eta baita ere, ontzien tipologiak ezagutzeko, etab.

San Milixan feria

Bertako produktuek zuzenean ekoizleei erosi daitezke baina azokak ere aukera egokia dira gure artisauen eta ekoizleen produktuak ezagutu eta dastatzeko. Horrela, astero hainbat azoka egiten dira eta jardunaldi hauek irauten duten bitartean, badago azoka berezia Leintz Gatzagan, San Milixan feria, azaroak 11n.

Baserriko produktuak on-line

Bestalde, irailetik eskualdeko baserrietako hainbat produktu on-line lortu daitezke www.baserrisarea.com web orrialdearen bidez, hau Deba Garaia, Nekazal Garapeneko Elkarteak egin du.

Slow food

Jardunaldi hauetan, Aretxabaletako mozkorra izeneko tomatea balorean jartzeko hitzaldia izango da urriaren 17an Aretxabaletako Arkupen. Izenburua ondorengoa da: Aretxabaletako Mozkorra adibide on bat Slow Mugimenduaren ikuspegitik. produktu komunitateak bultzatuz.

Jardunaldi honetan parte hartuko dute:

  • Juan Manuel Garmendia (Slow food Donostia).
  • Koldo Zubizarreta, produktu honen bultzatzailea.
  • Antzuolako Tomás Larrañaga, Lapatza Baserrikoa.
  • Nerea Arrizabalaga, Doniene Berri Baserrikoa (Itziar).

Natur eta aisialdi gune paregabeak

Dena den, Debagoieneko eskaintza turistikoan, kultura eta natura ere uztartzen dira eta horrela, Oñati-Arrikrutz kobak, Arantzazu Santutegiko bisita gidatua, Oñatiko bisita gidatua, Bergarako gune monumentalaren bisita, Bergarako Irizar Jauregian Bergarako Besarkadaren Memoriala, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Parketxea ezagutzeko aukerak daude edota turismo aktiboko enpresak eskaintzen dituzten ibilbideak egin daitezke, hau da, paintball edo segwayko ibilbideak edo mendi ibilbide gidatuak.

Bergaran hainbat ekimen azaroan

Gainera, Bergarako Udalak azarorako egitarau berezia antolatu du:

  • Azaroaren 1ean eta 3an, goizeko 11.00etan: Herio Anderea (Una noble señora): Euskal errituak heriotzaren inguruan izenburuko bisita gidatua Angiozarren. 11:00etan. Aurrez izena eman behar da.
  • Azaroaren 17-18: Autokarabanisten topaketa Bergaran. Sorbeltz Elkartearekin batera antolatuta. Bisita gidatua, Mendi txangoa, Bazkaria eta bestelako ekimenak.
  • Azaroaren 30ean, 19.30etan: Hitzaldia: Irizar Jauregian. Juantxo Madariaga eta David Zapirain. Ekonomia Morala: Ekonomia, Ondarea eta Historia Bergaran.

'Bergarako Hirigune Historikoa koloretan'

Bergaran ere jarraitzen du ekainean hasitako Bergarako Hirigune Historikoa koloretan egitasmoak. San Juan bezperan irekita, Alde Zaharrean itxita dauden 36 dendetako erakusleihoetan Bergarako 40 artisten lanak izango dira ikusgai. Aire zabaleko erakusketa honetan, zeramika, argazki eta margon lanak izango dira ikusgai, Alde zaharreko giroa bizitzeko eta Bergara Monumentala bisitatzeko bestelako ikuspuntua eskainiz.

Azkenik, gastronomiaren inguruko sarea osatzen joateko, XII. Jardunaldi hauetan Bergarako erreilenoak eta tostoiak era artisauan lantzen dituzten Larrañaga, Mujika eta Raizabal artisauak ere parte hartuko dute eta euren produktuen aurkezpen-dastaketa ekitaldia antolatu da azaroaren 24rako Bergarako Xabier Munibe plazan.

Egun honetan, erreileno eta tostoien ekoizpenera eta baita ere, produktu honen jatorrira gehiago hurbiltzeko aukera izango da eurek prestaturiko txokolatea eta erreileno eta tostoien paka dastatuz euro baten truke. Jarduera honen babeslea La Brasileña Kafea da.

Bi pertsonarentzako afaria

Jardunaldi hauek burutzeko Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuko laguntza jaso da.

Gainera, Deba Garaia Mendi Nekazaritzak ere parte hartzen du VII. Jardunaldietatik eta oraingoan, babesleak, Auzolagun eta Cruzcampo Gran Reserva garagardoa izango dira.

Jardunaldietan parte hartzen dutenen artean bi pertsonarentzako afaria zozketatuko da, horretarako, jardunaldien balorazio inkesta bete behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak