Arrasate-Oñati proba, 'denboraldia' hasteko

Xabier Urtzelai 2012ko urr. 11a, 08:00

Oraindik garaiz zaudete zapatuan (17:00) korrituko duten Arrasate-Oñati lasterketan esku hartzeko. Oñatiko Antxintxiketan atletismo taldeko lagunak dabiltza antolatzaile lanetan, eta jakin, proba hasi baino lehen izenemateekin egoten diren arazoak saihesteko aurrez eman behar dela izena, Internetez. Hala, bihar, egubakoitza, 22:00etan itxiko dute izena emateko bidea.

Lasterketan parte hartzeko korrikalariek 15 euro ordaindu beharko dute (alokairuzko txipa barne) eta txip propioa dutenek, ostera, 13 euro. Horrekin batera, lasterketa egunean erosoago ibiltzeko, Oñatitik Arrasatera autobusa jarriko dute antolatzaileek, eta zerbitzu hori aprobetxatu nahi duenak 2 euro gehiago ordaindu beharko ditu. Hala, azken orduan ibilita ere oraindik garaiz zaudete aurtengo Arrasate-Oñatirako.

Erabat indarberrituta

Iazko lasterketak parte-hartze handia izan zuen. Jakinekoa da sasoi honetan asko direla korrika egiten ibiltzen diren herritarrak, besteak beste, Behobia-Donostia prestatzeko. Eta, Arrasate-Oñati edo Antxintxika krosa moduko hitzorduak aprobetxatzen dituzte ondo entrenatzeko. Hala, iaz 381 lagun batu ziren Arrasateko Portaloian, lasterketan esku hartzeko gertu. Beste nobedadeetako bat izan zen patinatzaileek ere lehenengoz hartu zutela esku, eta Euskal Herri osotik etorritako 98 lagun batu ziren; hala, zapatuan horiek apur bat lehenago irtengo dira.

Iaz Varela eta Arregi onenak

Urtetan Arrasate-Oñati probak irabazle kanpotarrak izan ditu, Debagoieneko mugetatik haratagokoak. Iaz, berriz, etxean geratu ziren sariak, gizonezkoetan Yeray Varela (38.09) oñatiarra izan zelako onena, eta emakumezkotan Nere Arregi arrasatearra (46.50).

Ondorengo hitzorduak

Zapatuko lasterketaren ostean etorriko dira atletismoan bailarako beste bi hitzordu, Gaueko Tafyd krosa (urriak 19) eta Antxintxika Krosa (azaroak 3). Gaueko Tafyd krosa, azken 3 urteotan moduan, Arizmendi ikastolako Lanbide heziketako TAFYD kirol jardueren zikloak antolatuko du. Egunean bertan eman ahal izango da izena, edo lehenago www.herrikrossa.com atarian (8 euro) edo Ferixalekuko idazkaritzan. Azaroaren 3an, berriz, Antxintxika krosak hartuko du lekukoa, Soraluze eta Bergara arteko lasterketarekin. Izenematea kirolprobak.com atarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak