Higiezinetan lapurretak eta erasoak saihesteko neurriak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 10a

Ertzaintzak aholku-kanpaina bat abiarazi du, herritarrek har ditzaketen segurtasun-neurriak areagotzeko, eta, horrela, atarien eta higiezinen barruan indarkeriaz eginiko erasoak saihesteko eta aldi baterako hutsik dauden etxebizitzetan lapurretak ekiditeko. Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Alorreko Buruzagitzak sustatu duen kanpaina horren xedea da herritarrak kontzientziatzea, delinkuentzia-mota horrek dituen arriskuen aurrean.

Higiezinen atarietan lapurreta ugari egiten dira indarkeria erabilita. Eraso horien biktimak, normalean, adineko pertsonak izaten dira. Leku horietan segurtasuna hobetzeko, oinarrizko segurtasun-jarraibideak betetzeko eskatu du Ertzaintzak:

  • Edozein aitzakia erabilita (propaganda banatzea, bisitak...) atezain automatikora deitzen duten ezezagunei ez zabaldu atariko atea.
  • Atarira iristean, jarri arreta zelatan egon daitezkeen pertsonengan, edo sartzeko asmoarekin hurbiltzen direnengan. Giltza aurretiaz prestatuta eraman eta, atarira sartzean, ez ireki atea ezezagunei. Ezezagunen batek atarira sartzea lortzen badu, irten berriro kalera.
  • Igogailuan ez joan ezezagunekin.
  • Bitxiak edo baliodun beste gauza batzuk ez eraman agerian.
  • Lapurreta baten biktima bazara, ez egin aurka lapurrari. Saiatu lapurraren ahalik eta ezaugarri fisiko gehien memorizatzen, eta deitu berehala Ertzaintzara (112).

Etxeko segurtasuna, etxean ez gaudenean

Denbora luzez hutsik dauden etxebizitzak (opor garaietan...) delitugileen beste jomuga garrantzitsu bat dira. Etxean ez gauden bitartean gure etxearen segurtasuna hobetzeko, jarraibide erraz batzuk bete ditzakegu, hala nola:

  • Etxeko atea beti giltzaz itxi; horrela, ezin izango dute plastikozko txartelekin, erradiografiekin edo antzekoekin ireki.
  • Ezezagunen aurrean ez esan noiz egongo garen etxetik kanpo.
  • Etxebizitzan jendea dagoenaren itxura eman: norbaitek korrespondentzia har dezala, telefono finkoa mugikorrera desbideratu eta erantzungailu automatikoa deskonektatu, pertsianak erdi zabalik utzi, arropa batzuk zabalduta utzi, edo argiren bat tenporizadore batera konektatu aldizka piztu dadin…
  • Baliodun gauzak leku seguruan gorde, eta ez utzi bitxirik edo bestelako gauzarik armairuetan edo bitxiontzietan. Gauza horiei argazkia atera eta marka, modeloa eta serie-zenbakia idatzi, lapurretarik izanez gero identifikatu ahal izateko.
  • Etxebizitzan lapurreta egin badizute, ez sartu Ertzaintza iritsi arte, eta, sartu behar baduzu, ez ukitu lapurrek manipulatutako gauzak.

Informazio gehiago

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak