Etxebizitzen alokairua sustatzeko neurriak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 9a

Gaur egun etxebizitza-erosle potentzialek kreditua lortzeko dituzten zailtasunek eta biztanlerian gero eta hedatuago dagoen diru-sarrera ezegonkortasunak eraginda, etxebizitzen errentamenduak gero eta garrantzi handiagoa dauka gizartean. Testuinguru horretan, alokairuen merkatua zabaldu eta merkatzeko neurriak beharrezkoak dira; ASAP programa eta udazkenean indarrean sartzea aurreikusten den Hiri-errentamenduen lege berria dira horietako bi.

Errenten ordainketa-eza, etxebizitzaren narriadura edo hondatzea, eta nork bere buruarentzat edo gertuko batentzat etxebizitza nahi denean berreskuratu ezin izatea dira errentatzaile partikular batek izan ditzakeen arazo edo beldur nagusiak. ASAP programak lehenengo biak bermatzea du helburu –Deba Garaia Higiezinen Agentzia programa horretarako homologatuta dago– eta, hirugarrenari dagokionez, Hiri-errentamenduen lege berriak (aurreikuspenen arabera udazkenean indarrean sartuko dena) gaur egun indarrean dagoen hasierako epea bost urtetik hirura jaistea aurreikusten du. Gainera, jabeak etxebizitza behar izanez gero, berreskuratzeko aukera ematen duten egoera berriak jasoko dira.

Deba Garaia Higiezinen Agentziako Jesus Markaideren esanetan, gainera, ohiko etxebizitzaren errentamenduko errenten gaineko presio fiskala txikiago da, izan ere, errentamendu baten %5eko etekina interesen kasuan %8koaren parekoa izan daiteke.

Hori guztia kontuan izanda, Markaidek dio etxebizitzen errentamendua orain arte baino askoz ohikoagoa izango dela aurrerantzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak