1. Musikaria eta futbol jokalaria. Ez dirudi konbinazio ohikoena…
Ezta errazena ere. Batzuetan, domekan partidua duzu eta zapatuan kontzertua; deskantsatzeko asti laburragoa dago, eta biak ondo egiteko moldatzea ez da erraza.
2. 19 urterekin, debuta Realean. Goizegi, akaso?
Bai, baina, beharbada, beranduago sekula ez zen aukerarik izango; orduan bete nuen gipuzkoar gazte askoren ametsa. 24-25ekin hobeto heldu izango nioke, gazteegia izanik presioak gehiegi eragiten zidalako.
3. Garai hartako zerbaitekin geratzekotan, zerekin?
Realarekin lehen mailan jokatu dudala kontatu ahal izatearekin. Hasieran, laudorio eta txaloak asko izan ziren; ez genuke horren zain egon beharko pozik bizi izateko, baina denoi gustatzen zaigu, eta maitatua sentitu nintzen.
4. Zeu izan omen zinen Lee Chung Sooren lehen gelakidea.
Denboraldi-aurrean gelak binaka ziren, eta nirekin jarri zuten. Koreera bakarrik zekien; nik euskara, eta erdara justu-justu. Gure elkarrizketak motzak ziren, hutsaren hurrengoak. Baina joan zen ikasten.
5. Jokalariak berdin bizi du futbola lehen mailan edo hirugarrenean?
Argi dago ezetz. Lehenengo mailan orain baino askoz gehiago irabazten nuen; baina egun, askoz bizi kalitate hobea dut lasaitasunean eta kalera irteteko orduan.dan
6. Irratian eta kontzertuetan en-tzunda, ezin zaizu aplikatu futbola-
riak oso hiztunak ez diren topikoa.
Maila handietan politikoki zuzena izatea ia ezinbestekoa da. Orain ez dut horren beharrik; beti ere inori min egin gabe, pentsatu eta nahi dudana esan dezaket. Mailaz jaistearen liberazio bat da hori.
7. Futbolarekin duzun harremanari abesti bat idatzi beharko bazenio, zein kutsu izango luke?
Desamodioarena; erromantizismoa nola jaisten den erakutsiko luke. Gustura egon arren ikusten dut urteekin futbol gosea jaisten joan dela.
8. Nolatan musikari?
Futbolak denbora libre luzea ematen du eta duela urte asko hasi nintzen gitarra jotzen. Agertokiak gustuko ditut; seguraski, urduriago nago futbolean agertokian bakarrik baino. Gustuko dut jendeari nire gauzak erakutsi eta sekretuak kontatzea.
9. Con celos y señales da zuen lehen lanaren izena. Zuzena, bada.
Sekretu gutxi dauzkat. Kantuak jeloskortasunak edo amodiorik ezak sortuak dira eta hitz-jokoa eginez jarri genion izenburua.
10. Duela urtebete atera zenuten diskoa. Nolako urtea izan da?
Badakit Realean aritu izanak ate asko zabaldu dizkidala, arreta pizten du futbolari batek abesteak, eta aprobetxatu egin dut hori. Uste dut jendea gustura egon dela kontzertuetan; 2012an 30 eman ditugu; hasiberriak izateko, dezente dira.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Makila benetan gogorra bada, bati baino gehiagori burutik behera emango nioke! Baina serio jarrita, eskatuko nuke mundu guztiak zoriontsu izateko aukera izatea; bakoitzak ikusiko du nola, baina aukera, behintzat, izatea".