Batzar Nagusiek 4/2012 Foru Dekretu-Araua ezeztatu zuten irailaren 19an egindako plenoan. Foru Dekretu-Arau horren bitartez, Espainiako Gobernuak BEZa igotzeko hartutako erabakia Gipuzkoako zerga-araudira ekartzen zen. Gipuzkoako Aldundiak argitzen du "bere borondatearen aurka" onartu zuela dekretua, "legeak hala behartuta".
Gaur egun Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Espainiako Gobernuaren erabakiak txertatzeko erabiltzen dira Foru Dekretu-Arauak. Batzar Nagusietan horiek ez berresteak ez dakar ondorio juridikorik, Gipuzkoan eta Araban gertatutakoak erakusten duten moduan.
Hala ere, Foru Aldundiaren esanetan, "Gipuzkoako Batzar Nagusien erabakiak argi erakusten du Hego Euskal Herrian dagoen zerga ahalmena mugatua dela, eta horrek politika propio eta aurrerakoiak gauzatzea erabat baldintzatzen du".
Gipuzkoako Foru Aldundiak "mendekotasun" egoera horiek gainditzeko lanean jarraituko duela gaineratu du. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, "ezinbestekoa da gaur egungo markoa gainditzea eta bestelako batera jotzea". Foru agintarien esanetan, "gaur egungo egoerak ez du aukerarik ematen geure erabaki propioak hartzeko. Tresna propioak behar ditugu herritarrekin batera eraiki nahi dugun eredu berrira jotzeko. Horregatik, bide horretan lan egiten jarraitzeaz gain, deia egiten diegu herrialde honetako erakunde eta eragileei ere ildo horretan aurrera egitera".