Adegik enpleguaren aldeko euskal akordioa eskatu du

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 4a

Adegik hazkundea eta enplegua sustatzeko "euskal akordioa" aldarrikatu du. Hori ezinbestekotzat jotzen du Gipuzkoako enpresen elkarteak, izan ere, atzeraldia "gero eta sakonagoa" da. Horrela esan du gaur Pello Gibelaldek, Adegiko presidenteak, egoera ekonomikoaren diagnostikoa jakinarazteko aurtengo agerraldian.

Adegiren esanetan, industria-jarduerak 1999ko mailaren pareraino egin du atzera eta enplegu asko galtzea espero da: 2012an, 7.000 enplegu, hain zuzen.

Abuztura arteko tartean 500 enpresa kotizatzaile baino gehiago desagertu dira Gipuzkoan; aurreko bi urteetan desagertutako enpresen baturaren parekoa da ia kopuru hori.

Adegiren kalkuluen arabera, Gipuzkoako BPG % 1,2 jaitsiko da 2012an eta bigarren seihilekoan jaitsiko da gehien. Gipuzkoako BPGk 7 urte egin ditu atzera dagoeneko.

Barneko merkatuak beherantz egiten jarraitzen du eta Europako ekonomiaren ahultasunak esportazioei traba egiten die.

Eragile politiko, sindikal eta enpresakoekin

Atzeraldiak 2013an ere jarraitu egingo duela esan du Adegik. Hori aurreikusita, Adegik "euskal akordioa" egiteko nahia agertu du. Eragile politiko, sindikal eta enpresakoekin egin nahi du, eta inbertsioaren alde apustu eginez hazkundea eta enplegua sustatu nahi ditu horren bidez. Izan ere, Adegiren hitzetan, "inbertsiorik gabe ez dago hazkunderik eta hazkunderik gabe ez dago enplegurik. Hazkundea sortuko duen ekoizpen-inbertsioen aldeko apustua egin eta produktiboa ez den gastu publiko arrunta murriztu behar da".

Pello Gibelaldek enpresei babes sendoa ematea aldarrikatzen du, "enpresak baitira enpleguaren sortzaile eta euskarri".

Patronalak gogorarazi du "behin eta berriro esan" duela Gipuzkoako ekonomiak eta enpresek lehiakortasunarekin lotutako arazo handi bat dutela, azken hamarkadetan lan-kostuak ekoizpenaren oso gainetik hazi direlako. "Kostuetan genuen abantaila lehiakorra desagertu egin da eta ez dugu ekoizpena handituta konpentsatu": horiek, Adegiko presidentearen hitzak.

Finantza aldetik, "itota"

Horrenbestez, Adegik "urgentziaz" dei egin dio finantza-sistemari kreditua mugitzeko beharrezkoak diren mekanismoak eta neurriak har ditzan; izan ere, "finantza aldetik itota eta desagertzeko zorian dauden enpresak gero eta gehiago dira".

"Sakrifizioak eta ahalegina egiteko urteak datoz. ADEGIk badaki lehen ere, egoera zailenetan jakin izan dugula bagenituela ere ez genekien baliabideak eta gaitasunak aurkitzen. Berriro egin behar dugu. Adegik uste du merezi duela. Ondo egiten badugu, irtengo gara ataka honetatik eta aberastasuna, enplegua eta ongizatea sortuko ditugu", esan du Gipuzkoako enpresaburuen ordezkaritzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak