Behin hori eginda, inguruko urbanizazio lanak egin, eta obrak bukatutzat emango dituzte.
Horrela esanda, denbora laburreko zeregina dirudi, baina "lan handia dago egiteko" oraindik, eta proiektuan zehaztutako amaiera datarekin segitzen dutela esan du arduradunak: abendua.
Espaloi bikoitza
Dagoeneko, baina, Axerikoa zubi berriaren ezaugarri nagusiak bistan dira: lehengoa baino zabalagoa da, gainetik zein azpitik.
Gaineko parteari dagokionez, bereziki oinezkoei egingo die mesede (Axerikoa baserrikoek batez ere), zubi berriak albo bietan izango duelako espaloia. Zubi zaharrak, berriz, ez zuen espaloirik Musakolako ermitaren aldean.
Urarendako pasabidea
Beheko parteari dagokionez, berriz, Deba ibaiaren ubideari egingo dio mesede Musakolako zubi berriak. Urak, eta bereziki ur handiek, behar besteko bidea izango dutela ziurtatzeko, zulo hutsa duen zubia eraikitzen dihardutelako. Hau da, zubi zaharrak arkua zuen moduan, oraingo honek zutabe bakarra du zubipean. Gainontzeko espazio guztia libre utzi dute, ura pasatzeko.
Hain zuzen ere, horixe izan da zubi zaharra bota eta berria eraikitzearen arrazoia: ur handiak datozenerako, zubi zaharraren arkua nahikoa ez zela erabaki zuen URAk, Eusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentziak, eta "arrisku nabarmena duen zonaldea izateagatik, zubiaren ordezkatzea ezinbestekotzat" jo zuen. Hala, ekainean itxi zuten Arrasaterako Musakolako sarrera, eta uztailean bota zuten zubi zaharra.