Lau alderdiren arteko lehia izango da nagusi (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP):
- EAJk Donostiako Katalunia Plazan egingo du kanpainako aurreneko ekitaldia, Euskadik ahal du leloarekin.
- EH Bilduk Arabako hiriburuko Probintzia plazan ekingo dio, Zure unea da lelopean.
- PSE-EEk ere Gasteiz aukeratu du kanpaina hasteko, Jardines de Uleta hotelean egingo du lehen ekitaldia, Egon behar den tokian gaude leloarekin.
- Bilbok hartuko du PPren kanpainako lehen ekitaldia. Zu ez bazoaz haiek irabazten dute izango da popularren leloa.
Beste alderdi batzuek, UPyDk, Ezker Anitzak, Ezker Batuak eta Equok kasu, legebiltzarrean ordezkaritza eskuratzea izango dute helburu.
Hauteskunde bereziak
ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitu zuenetik egingo diren lehen hauteskundeak izango dira urriaren 21ekoak, eta ezker abertzalea legebiltzarrera itzul araziko dutenak. PSE-EErentzat, kanpaina Lehendakaritzatik abiatuko duen lehen aldia izango da, eta EAJrentzat oposiziotik egingo duen aurrenekoa.
Ezker Batua eta Ezker Anitza lehen aldiz lehiatuko dira elkarren aurka, ezkertiar federalisten botoa erakartzeko. Aurreko legegintzaldian alderdi bakarra ziren, baina Mikel Arana legebiltzarkidea eta hainbat militante bereizi egin ziren, Ezker Anitza sortuz.
Batik bat, bi ardatz izango ditu kanpainak: krisi ekonomikoa, eta autodeterminazioari eta Estatu ereduari buruz Katalunian sortutako eztabaida.
Urriaren 21ean 1.775.336 pertsonak izango dute botoa emateko eskubidea: Araban, 250.982k; Bizkaian, 948.409k; eta Gipuzkoan, 575.935k. 25na hautagai aukeratuko dituzte herrialde bakoitzeko herritarrek; 75, guztira.
EHUren azken Euskobarometroaren arabera, EAJ da hauteskundeotako faborito, baina gertu izango du EH Bildu, eta Legebiltzarrean lau indar politiko baino ez dira izango: bi horiek, PSE-EE eta PP. UPyD eta Ezker Batua, beraz, kanpo geratuko dira, neurketa horren arabera.
2009koak
2009an D3Mk ez zuen aurkezterik izan, nahiz eta ekainean Espainiako Auzitegi Nazionalak D3Mko eta Askatasunako auzipetu guztiak absolbitu zituen ETAko kide izatearen akusaziotik. EAJ izan zen garaile, 30 legebiltzarkide lortuta; PSE-EEk 25 eskuratu zituen; PPk, 13; Aralarrek, 4; eta EAk, UPDk eta Ezker Batuak, bana. PSE-EEren eta PPren arteko itun batek ahalbidetu zuen Patxi Lopez PSE-EEko hautagaia lehendakari izatea.