Ikastetxeek jasaten dituzten 'beherapenak' aspalditik datoz

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 3a

Aurreikuspenak betetzen badira, 2013ko irailean hasiko den ikasturtean aplikatuko da lehenengo aldiz Hezkuntza lege berria. Irailaren 21ean, Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wert-ek prestatutako hezkuntza legea aldatzeko lege organikoaren aurreproiektua eztabaidatu zuen Espainiako Ministroen Batzordeak.

Lege horrek gaur egun indarrean dagoen eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak egin zuen Hezkuntza Lege Organikoa (LOE) aldatzen du hainbat artikulutan. LOE arabera funtzionatzen dute ikastetxeek 2006/07 ikasturtea ezkero. Aznarren gobernuak 2001ean egindako Unibertsitateen Lege Organikoa (LOU) ere aldatzen du.

Erreformak ohiko bidea jarraitzen badu –Espainiako Gorteek eztabaidatu eta onartu behar dute–, datorren ikasturterako gertu izango da hezkuntza araudi berritua. Ikusi beharko da Euskal Autonomia Erkidegoan nola aplikatzen den, eta ikastetxe mota bati eta besteari nola eragiten dion, baina neurri batzuk Eusko Jaurlaritzak ezbairik gabe ezarri beharko ditu. Bestalde, batik bat Jaurlaritzak zuzenean kontrolatzen dituen ikastetxeetan –eskola publikoa– igarriko da erreforma, baina kontzertatuetan ere puntu garrantzitsuenak aplikatu egin beharko dira. Izan ere, Wert-en helburua da 3.000.000.000 euro aurreztea.

Aurreproiektuak hainbat aldaketa dakartza gaurko egoerarekiko, eta horietatik nagusiak jakinarazi dira: besteak beste, ikasgela bakoitzean ikasle gehiago izango dira (ratioa deitzen zaiona), irakasleek lan ordu gehiago egin beharko dituzte, eta irakasleak ordezkatzeko gutxieneko epea luzatu egingo da.

Murrizketa gehienak ikastetxeen antolakuntzari dagozkio. Baina curriculumean, ikastetxe guztiek eman beharreko edukietan, ere izango dira aldaketak nahi ditu Wert-ek. Izan ere, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren ikasgaien kasuan, Espainiako Gobernuak ezartzen du ikasleek derrigorrez bereganatu behar dituzten konpetentzien %55, eta Eusko Jaurlaritzak, gainerako %45ak; bada, datorren ikasturtetik aurrera, portzentajeak %65 eta %35 izango dira, hurrenez hurren. Curriculumarekin lotuta, Wert-ek iragarri du Hizkuntza, Matematikak, Zientziak eta Hizkuntzak indartu egingo dituela; "hizkuntza guztiak, koofizialak eta komuna", esan zuen.

Onartu beharreko neurriak 

Etorriko diren murrizketen zain, baina, urte batzuetatik hona gauzak dezente aldatu dira dagoeneko, eta txarrerako. Publiko zein kontzertatu, haur zein batxilergo edo unibertsitate zein lanbide heziketako zentroek, denek igarri dute hori; eta hezkuntzako langileek zein familiek, biek. Aurten bertan, ikasturtea hasi eta segituan izan dituzte hizpide murrizketa berriak Baikaran, Euskadiko eskola publikoko gurasoen elkartean. Hauek dira aipagarrienak: jangelako kuota 4 eurotik 4,60ra pasa da, ikasturtean 114 euro gehiago egunero erabiltzen duen ikasle bakoitzeko; testu-liburuen mailegu sistema atzeratu egin da eta aurten ez dira liburuak berrituko, lau urtean behin egin beharko litzatekeen bezala; ratioak handitu egin dituzte, bai ikasgeletan bai jangelan ere; behar bereziko hezitzaileak, hizkuntza-errefortzukoak… 80 bat gutxiago dira, baina ikasleak, gehiago; autobus zerbitzu batzuk kendu egin dituzte; eta ikastetxe handietan, arratsaldeetako kontserje zerbitzua kendu dute. 

Horrez gain, guraso elkarteendako dirulaguntzei %10a kendu diote –dirulaguntzak ematen dituzten administrazio guztiek–; eta uztailean, eskolako materialaren BEZa %4tik %21era igo zuten.

Baikarako presidenteak, Imanol Zubizarreta eskoriatzarrak, erlatibizatu egin du Hezkuntzak ezarritako murrizketen larritasuna: "Gu beti murrizketen aurka gaude, baina, gauden egoeran, guraso gehienek logikotzat hartzen dituzte". Izan ere, "murrizketak dira, bai, baina hezkuntzan ez dute eragin zuzenik. Horregatik, akaso hauek onartu behar ditugu, beste arloa ukitu ez dezaten". Eta gaineratzen du: "Gurasoon artean beti dago honako eztabaida: zer nahiago dugu, ratioetan-eta murrizketak, ala beste zerbitzuetan?"

Sistema, "hankaz gora" 

Imanol Zubizarretak kezka handiagoa agertzen du beste neurri batzuen inguruan: adibidez, datorren ikasturterako iragarri diren curriculum aldaketak; eta baita gurasoei zuzenean eragiten dien beste neurri bat ere: "Gurasook eskola kontseiluan ahalmena galduko dugu. Orain, hainbat erabaki –egutegia, urteko plana…– eskola kontseiluan onartzen dira, eta kideen erdiak gurasoak gara. Erreformarekin, erabakiak beste batzuek hartuko dituzte, eta eskola kontseiluari bakarrik jakinarazpen gisa esango diote. Hori kalte handia da guretako". Horregatik, Zubizarretaren iritziz, "badaude daukagun hezkuntza sistema hankaz gora jartzen duten gauza batzuk".

Beste hau ere azpimarratzen du: "Normalean, horrelako legeak onartu aurretik hezkuntza komunitate barruan eztabaida egoten da. Baina oraingoan, ez: uztailean Ministerioaren web orrian zintzilikatu zituzten oinarri batzuk, norberak aportazioa bidal zezan. Ez da eztabaidarik egon ea aldaketa horiek egokiak diren edo ez. Udaberrirako, seguru asko, onartuta egongo da erreforma".

Goi mailako hezkuntzak ere jasan du azken urteotako artazikada, Miguel Altuna institutuko ikasketa-buruak, Pedro Muruak baieztatzen digunez: "Diru-sarrerak txikiagoak dira orain. Aurten, talde kopuru mugatua ipini digute, eta ez dugu talde gehiago sortzeko aukerarik".

Kontzertatuetan ere, mozketa 

Oñatiko Elkar-Hezi ikastetxe kontzertatua da, Kristau Eskolako partaidea. Zuzendariak, Juancar Olaetak, ez du zalantzarik: "Azken urteotan, Hezkuntza Sailak esaten du ez duela ezer murriztu; bada, hori ez da egia. Gainera, kontzertatuon kasuan, handiagoak izan dira. Soldaten murrizketa lehendik gertatu zen, eta aurten, itunaren bidez finantzaketa lortzeko irizpide batzuk dezente gogortu dituzte". Olaetak dioenez, "ikastetxe bakoitzari, bere egituraren arabera, modu batera edo bestera eragin dio; baina, guztietan, murrizteko".

Programetan ere igarri dute, eta asko, gainera, Olaetak dioenez: "Euskararen normalizaziorako, eskolan IKTak ezartzeko… horrelako programak dauzkagu. Bada, kasu batzuetan, aurrekontua %50 txikitu da. Euskara planak egiteko-eta, gure ikastetxeetan %38koa izan da murrizketa".

Etorriko den erreformaren gainean, Olaetaren iritziz, "ikusi egin beharko da oraingo hauteskundeetan irteten den gobernuak ze jarrera duen; oso garrantzitsua izango da hori".

0-3 urteko etapan, murrizketa 

Ikastolendako ere, "ukaezina" da murrizketak izan direla, Ikastolen Elkarteko ordezkari Jose Luis Sukiak dioskunez. Dena dela, "beldur handiena" ematen zien murrizketa, irakaslegoarena, salbatu ahal izan dute aurten: "Kontzertuko irizpideak gogortu egin dituzte azken urte hauetan, eta horrek gela gutxiago izatea ekarri du. Pertsonal aldetik ere, soberan izango genituen beldur ginen. Bueno; azkenean, gure artean moldatu gara eta ez da soberakinik egon". Gaineratzen duenez, "gauza berdinak baliabide berberekin, baina diru gutxiagorekin egin behar izateak ekarri du lan hori langileen artean banatu behar izatea. Eta eskertzekoa da langileak egoerarekin konturatu direla eta ahalegin handia egiten ari direla".

Beste jaiste garrantzitsu bat ere izan dute ikastolek: "Batez ere, 0 eta 3 urte arteko etaparen finantzaketan, azken bi urte hauetan %30etik gorako murrizketa egon da, eta horrek suposatu du, alde batetik, etapa horretan kuotak igo beharra eta, bestetik, lantaldea estuago ibili behar izatea".

Gainerako neurriez, hau dio: "Heziketa bereziko laguntzaileetan, hor murrizketa handia egon da; etorkinen tratamendurako, euskararen erabilpenerako, Ulibarri programan ere bai, baina eragina ez da ikaragarria izan eta zerbitzua berdin eman dugu".

Oposaketak, bertan behera 

Murrizketak datutan islatzen ditu ELAko Irakaskuntza arduradunak, Xabier Irastortzak: horien arabera, oraingo Eusko Jaurlaritzak "bere kabuz" hasi zituen murrizketak 2010eko ekainean, hezkuntza langileendako lan-baldintzak gogortu zituenean. Gainera, "2010/11 ikasturtean, 5.000 ikasle gehiagorendako, 200 langile gutxiago kontratatu zituen; 2011/12an, 8.000 ikasle gehiagorendako, 200 bakarrik kontratatu zituen; eta aurten, 7.000 ikasle gehiagorendako, 150 langile gutxiago. Bestalde, ordezkapen asko ez dira egin". Aurrekontuak ere halakoak izan dira: 2009a ezkero, 282 milioi gutxiago inbertitu ditu Hezkuntza Sailak. Horrez gain, Jaurlaritzarekin Mahai Orokorrean adostu zituzten 5.100 postuetatik, 3.044 ez dira lehiaketara atera.

Datorren erreformaren gainean, alderdi larrietariko bat, ELAren iritziz, "tresna publiko bat enpresen esanetara jartzea" da: "Espainiako Gobernuaren esanetan, hezkuntza ekonomiaren eta enpresen beharretara moldatu behar da, enplegagarritasuna hobetzeko eta horren baitan aldatzen da DBHko 4. ikasturtea, moldatu nahi da Lanbide Heziketa eta sortzen da prestakuntza eta ikasketa kontratua." 

ELAren ustetan, "onartezina da ekonomia birmoldatzeko eta enplegua sortzeko inolako neurririk ez bultzatzea edo kontrako norantzan doazen neurriak hartzea, eta honen aitzakiatan hezkuntza merkatuaren eta enpresen zerbitzura jartzea, hezkuntzaren helburu beharko luken pertsonaren eta jendartearen garapena guztiz perbertituz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak