Goienagusiko zuzendaritza batzordeak bazkideen aurrean egin du ikasturte berriaren aurkezpena. Gai ugari izan dituzte berbagai ikasturte hasierako ekitaldian. Tartean, estatutua eguneratu dutela adierazi dute, barne arautegian zenbait ukitu eginez. Besteen artean, orain arte ez bezala, aurrerantzean Goienagusiko partaide izateko ez da derrigorrezkoa izango Esperientzia Eskolatik pasatzea. Eta gainera, bazkide ez direnek ere parte hartu dezakete elkartearen ekimenetan.
Urriaren 8an hasiko dituzte ikastaroak eta maiatza bitartean jorratuko dituzten gai-zerrenda prest daukate. Aurten iazko zenbait gai landuko dituzten arren, berritasunekin dator Goienagusiko agenda. Besteen artean,perretxikoak izango dituzte hizpide, eta botanika, medikuntza txinatarra, doluari nola aurre egin, 60 eta 70. hamarkadetako pop rock musikari buruz gehiago ikasiko dute...
Astelehen eta eguaztenetan izango dira eskolak, Bergarako Irizar Jauregian batzuk, eta Arrasateko Etxaluze eraikinean besteak. Guztiak 10:00etan hasiko dira. Baina zenbait hitzaldi eta irteera ere antolatu dituzte; esate baterako, urrian bertan Oñatiko Arrikrutzeko kobak bisitatzera joango dira, azaroan Tolosako txotxongiloen museora gerturatuko dira, edota zenbait kontzertu batzuetara joango dira musikaz gozatzera.
Emakumeak, nagusi
Goienagusiko bigarren urtea antolatu dutela eta pozik daude bertako kideak. "Iaz hasi ginen 63 bazkiderekin". Gaurko aurkezpenean emandako datuen arabera, zifrek gora egin dute eta egun 77 bazkidez dago osatuta elkartea. "66 emakumezkoak dira eta 11 bakarrik gizonezkoak". Etorkizuneko erronken artean, gizonezkoen zifrak igotzea dago. "Ez da lan makala, nola egin daitekeen pentsatu beharko dugu sakon".