Lopez: "Euskadik zorrotz beteko du defizitarekin"

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 3a

Lopez lehendakariak esan du Euskal Autonomia Erkidegoak "zorrotz" beteko duela Europarekiko duen defizit helburua, baina gaineratu du Espainiako Gobernuarekin desadostasunak dituela. Bere hitzetan, "erkidegook egiten dugu gastu publikoaren zati handi bat". Espainiako Erkidego-Presidenteen Batzarra egin eta gero esandakoak dira.

Lopezek Espainian aurrekontuen dirua eta, ondorioz, gehieneko defizit muga zelan banatzen den kritikatu du, eta esan du beste modu batera banatu beharko litzatekeela. "Ez da bidezkoa ez eta errealista ere 2013rako %4,5eko mugatik, %3,8 administrazio zentralak izatea eta %0,7a erkidegook".

"Denok batera"

Lehendakariaren iritziz, krisiaren aurrean, "helburu zehatz eta konpartituak" ezarri beharra dago. Gainera, "denok" erantzule izatea eskatu du. "Denok batera irtengo gara edo ez da inor irtengo", gaineratu du.

Europako Batasuneko agintariei mezu hau bidali die: aurrekontuak doitzeko epe-muga malguagoak behar direla, eta, ekonomia hazi dadin laguntzeko, "inpaktuzko neurriak, benetako planekin".

Orain arte dauden defizitaren aurkako neurriek, lehendakariaren esanetan, "zor handiagoa, geldialdi larriagoa, langabezia handiagoa eta Ongizate Estatua desegiten joatea" dakartzate. Hala ere, argitu duenez, bat egiten du aurrekontu orekatuaren eta defizitaren kontrolaren helburuekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak