Sustapen Ministerioak partida garrantzitsuak gorde ditu datorren urtean Abiadura Handiko Trena egiteko, baina batez ere Galizian. Hala, Sustapen Ministerioaren aurrekontuaren %33 inguru trenarendako da, 3.302 milioi euro, hain zuzen ere; eta horren herena inguru, 1.079 milioi, Galiziako AHTa egiteko da. Beste partida handienak Mediterraneoko Korredorea (Andaluziatik Iparralderaino, Levanteko kostaldea zeharkatuta) eta Iparraldeko Korredorea (Asturias eta EAE Madrilekin lotzeko lerroa) egiteko izango dira.
Bestalde, orain arte euskal AHTa 2016rako bukatuta egongo zela esaten zuten agintariek, baina orain dagoeneko 2018a darabilte epe gisa.
Espainiako Gobernuko Euskadiko ordezkariak, Carlos Urquijok, esan duenez, "kasurik okerrenean", AHTak "uste baino abiadura txikiagoa" izango duela, baina ez dela geratuko, Espainiako Gobernuarendako "proiektu estrategikoa" delako. Dena dela, gaineratu zuen Zapateroren gobernuak obra horretan "ez zeukan dirua gastatu" zuela.
Espainiako Gobernuak 922 milioi inbertitu ditu dagoeneko 'Euskal Y'-an, eta Eusko Jaurlaritzak, 782.
Zinemaldiari artazikada
Euskal Y-aren partida txikitzeaz gain, Estatuko Aurrekontu Orokorrek ez dute ezer ez aurreikusten Espalaziozko Neutroi Iturria egiteko, eta murrizketa zorrotzak dituzte Donostiako Zinemaldiak (120.000 euro gutxiago; aurten milioi bat izan du) eta Musika Hamabostaldiak (dirurik ez). Oro har, EAEn 350 milioi inbertituko ditu Espainiako Gobernuak, iaz baino 171 gutxiago (-%32,8).