Basterretxeak egin du Durangoko Azokako kartela

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urriaren 2a

Nestor Basterretxea euskal artista erreferentearen lan bat izango da Durangoko Azokaren 47. edizioko irudia. Gaur goizean Durangon bertan aurkeztu dute abenduaren 6tik 9ra bitartean azoka iragarriko duen horma-irudi berritzailea.

Geroz eta gutxiago geratzen da Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 47. ediziorako. Geroz eta gutxiago, euskaltzaleon urteroko hitzordurako. Abenduaren 6etik 9ra bitartean izango dugu zita Durangon, eta gaur martitzena, San Agustin aretoan aurkeztu dute azokaren irudia izango dena.

Azken urteetan lehiaketa bidez hautatu izan dute kartel iragarlea, baina aurtengoan antolatzaileek aspaldiko ohitura bat berreskuratu gura izan dute. Hain zuzen ere duela zenbait urte durangaldeko artista bati eskatzen zioten irudia egitea, eta oraingo kasuan berriz, Euskal Herri mailan erreferentea den artista bati eskatu diote azokaren horma irudia egitea: Nestor Basterretxea bermeotarrari, hain zuzen ere.

Gainera, azken urteetan bere lanak sortzeko baliatzen duen teknika berezia erabili du artista bizkaitarrak lan honetarako. Telebistako pixelei argazkia atera die, eta horiek hartu, egitura geometriko bat eman eta beirate bat sortu du. Estetikoki artistaren ikur den itxura nabaritzen zaio emaitzari.

Nahiz eta literaturarekin erlazio txikia daukala aitortu duen, esanahi berezia duela ere gaineratu du Basterretxeak berak.

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Azokako arduradunek ilusioz hartu dute Basterretxearen lana, eta bihotzez eskertu diote euskal sorkuntzaren bilgune eta erakustoki nagusia den ekimenaren 47. Edizioko kartela eskuzabaltasun osoz egin izana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak