Eskualdeko enplegu plana, zertarako?
Debagoienaren diagnostiko sozioekonomikoari aurre egiteko. Lehengo enplegu plan lokalei eskualdeko dimentsioa eman die Lanbidek, eta zenbait eragileren artean Debagoienaren izenean ze ekintza nahi ditugun aurkeztu behar dugu.
Dena dela, aitzakia horretaz baliatu gara lehenengo aldiz eragile horiek elkartzeko, eta garbi esan diegu foroarekin jarraitu gura dugula. Lehenengo deialdi honetara, 15 eragilera mugatu gara, dekretuak hala esaten zuelako, baina ateak zabalik ditugu kanpoan geratu diren eragile sozio-ekonomikoendako. Oraingoan, hauek batu gara: unibertsitateak, MU eta UNED; sindikatuak, ELA eta LAB; Mondragon Korporazioa eta Adegi; Lanbide Heziketako bi lerroak, kontzertatuak eta Ikaslanen ingurukoak; bazterketa arriskuan daudenekin lan egiten duten enpresen ordezkari bat; Saiolan; ikerketa eremutik, MIK; merkatarien elkarteen ordezkari bat; 1. sektoretik, Deba-Garaiako bat; Lanbideren ordezkari bat; eta emakume taldeen ordezkari bat, emakumeak direlako diagnostikoaren arabera okerren geratzen direnak.
Aurrelan bat badago, hortaz…
Bai. Udal enplegu teknikariek, Mankomunitateko Garapen Agentziako teknikari buruarekin batera, hainbat ataletan –demografia, langabezia, gizarte zerbitzuak…– diagnostikoa egin dute, herriak eta eskualdea zelan dauden. Emaitzak ez dira onak, eta plan hori erabili behar dugu horri buelta emateko.
Ze ondorio ditu diagnostiko horrek, bada?
Demografia aldetik, ez goaz beherantz, baina kezkatzekoa da zahartze maila: 65 urtetik gorakoak dira biztanleen %20,38, eta 75 urtetik gorakoak, %10,52. Tasa oso altuak dira eta, gainera, gorantz joango dira. Bestalde, 65 urtetik gorakoak eta 16 urtetik beherakoak %51 dira. Datu horiek kezkatzekoak dira. Bestalde, ekimen berrietarako aukera ere izan daiteke.
Langabezian daude datu okerrenak. Langabezia tasa %40,43 da, Gipuzkoan baino txikiagoa, baina hala ere gerturatzen gabiltza 2009ko datu txarrenetara. Kezkatzekoa da ere 45 urtetik gorakoak direla langabeen %41; gizonezkoen %65ek eta emakumezkoen %47k oinarrizko ikasketak bakarrik ditu; eta %37k urte bat baino gehiago daroate langabezian. Gainera, langabe horietatik %52k dagoeneko ez dute lan-prestaziorik kobratzen.
Panorama latza da, eta foroaren eginkizuna erantzun estrukturala ematea da.
Diagnostikoaren bueltan ibili zarete lehenengo saioan, hortaz.
Hori da. Alde batetik, teknikariek diagnosia aurkeztu dute. Bestetik, gure ehun industriala aztertzen dabil Saiolan. Labur esanda, gaur egun eskualdean ze gaitasun menderatzen dugun aztertuko dute. Historikoki, industria jakin batek menderatu du hemengo ekonomia, baina industria traktore horiek heldutasun mailan daude, horien aktibitatea jaisten dabil, eta beste industria osagarri asko larri daude. Mapa zein den ikusi behar dugu, nora aldatu daitekeen ikusteko: teknologia berriak, produktu berriak… baina gaur dugunetik abiatuta. Garapen ekonomiko endogenoa deitzen zaio horri, bertan menderatzen diren gaitasunetan eta egin izandakoetan oinarritzen dena.