1. Asteon, 41. Nola daroazu urteak betetzea?
Ondo, arazorik gabe. Adinak ez nau bereziki kezkatzen; kezkatuko ninduke osasuna galduko banu. Baina ondo sentitzen naiz azkenaldi honetan.
2. Zer igartzen duzu faltan hogei urterekin lehen diskoa atera zuen Mikel Markez hartatik?
Malkarretik behera ez amiltzeko beldur falta. Adinarekin galtzen den zerbait da, errekuperatu beharrekoa. Egin daitekeela uste dut.
3. Hasierako kantuen helburua ligatzea omen zen…
Bizitzako etapa bakoitzak bere puntuak ditu. Egia da helburuetako bat hori zela eta orain kantuekin beste zerbait lortu nahi duzula. Baina orduan eta orain, kantuekin nahi duzuna hunkitzea da, orain helburua hain haragizkoa ez izan arren.
4. Orain atera izan bazenu, Zure begiek kantuak izango al luke lekurik egungo musikan?
Kantu onak beti du bere lekua musikan. Garbi dago une bateko gizarte baten kantu bat hobeto edo okerrago hartuko dela, baina kantu ona beti aterako da aurrera bere kabuz.
5. Egun, Erramun Martikorena duzu bidelagun. Ondo uztartzen dira Iparra eta Hegoa?
Bai, gure kasuan bai, baina ez Iparra eta Hegoa bakarrik: belaunaldien ikuspuntuak, hiria eta mendia... Elkar konplementatzen diren bi polo gara.
6. Kolaborazioak, baina, ohikoak izan dira zure ibilbidean.
Denetarik egin izan dut jende oso ezberdinarekin. Euskal Herria herri txikia izanda, elkarrekin topo egitea errazagoa da, bai agertokian eta baita agertokitik kanpo ere.
7. Euskal mugetatik kanpo ere jo duzu; aurten, esaterako, Irlandan.
Euskal komunitatearentzat aritzea erraza eta esker onekoa da, oso ongi hartzen gaituzte. Euskal girotik kanpoko emanaldiak ezberdinak dira: herri ez normalizatuko kide izanda, beste edonork azaldu behar izaten ez dituenak azaldu behar izaten ditugu; hor badugu ajetxoa oraindik.
8. Errenteriatik Aiara. Erraza izan zen handitik txikirako saltoa?
Nire kasuan oso erraza. Normalean, asko mugitzen naiz: bilera hemen, beste ez dakit zer han... Errenteriatik edo Aiatik, esaterako, Iruñera joatea berdin zait. Aldaketa izan zen, baina ez hain handia.
9. Nerabe zinela hasi zinen musikan eta orain nerabe baten aita zara.
Bi alaba ditut, eta ikusten dut bi nerabezaro uztartzen ari direla: nirea eta haiena. Beste eskarmentu bat daukat, baina jarraitzen dut edukitzen nerabearen ilusio hori.
10. Azti puntu bat baduzu: nori bota dizkiozu azkenekoz kartak?
Neure buruari, duela hiruzpalau egun. Oso inguruko jendeari bakarrik botatzen dizkiot. Umetatik izan dut zaletasuna, baina gehiago sakondu beharra sentitzen dut.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Momentu honetan, eta gauzak dauden bezala, Euskal Herri independentea nahiko nuke: makilatxoarekin ttak!, eman eta lortu. Kataluniako bideari jarraituz edo beste bati, baina 500 urte pasa eta gero izan gaitezen geure buruaren jabe; esaten den moduan, hel dadila zikloaren hurrengo itzulia".