Munduko Txapelketan lehiatzeko hautatu dituzte Bolinaga eta Rezusta

Xabier Urtzelai 2012ko irailaren 28a

Arrasateko eta Bergarako pilota taldeko Ibai Bolinagak eta Beñat Rezustak 22 urtez azpiko Munduko Pilota Txapelketa jokatuko dute datorren hil amaieran, urriaren 28tik azaroaren 3ra arte. Gainera, DV torneoan ere ondo gainditu zituzten lehenengo kanporaketak.

Txapelketa Frantzian izango da, Tarbes herrian, eta torneoak hainbat modalitate izango ditu: eskupilota –bakarka eta binaka–, paleta narruzko pilotarekin, eta pala motza (ibarrekoek eskupilotan jardungo dute).
Ibai Bolinagak bikotekako txapelketa jokatuko du, eta Arrasatekoak Iruñeako Oberena taldeko Iñigo Etxamendirekin osatuko du bikotea. Eta Beñat Rezusta bergararrak, berriz, bakarka jardungo du txapelketan.

DV torneoan, aurrera
Bestalde, joan den astean hasi zuten DV torneoko lehenengo kanporaketa ondo gainditu zuten bi ordezkari horiek. Bazirudien Bolinagak eta Rezustak Munduko Txapelketan izango zutela burua, baina ez, indarrak gordetzeko asmo barik kantxaratu eta ondo gainditu zituzten kanporaketak. Bolinagak Arrietarekin osatu zuen bikotea, eta Mendinueta eta Castilloren gainetik pasa ziren (22-8). Azpimarratzekoa izan zen Arrasatekoak atzean egindako partidu ona, Castillok zigor galanta jaso zuen atzean. Rezustak, berriz, 22 urtez azpikoetan Jaka izan zuen bikotekide, eta 22-14 irabazi zieten Victorri eta Lanari. Hala, torneo horretako hurrengo kanporaketa Bergaran jokatuko dute, urriaren 13an. Bolinagak eta Arrietak Elezkano eta Tolosa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak