Kalean hutsi eta denda eta tabernak pertsiana botata. Horixe izan da Debagoieneko herrietako kaleetan barrena goizean goiz ikusi zitekeena. Dena dela, ez da gauza bera gertatu herrigunetik haratago zeuden supermerkatuetan. Arrasaten, esaterako, Dia eta LDL supermerkatuek ateak ireki dituzte, eta baita Eroski hipermerkatuak ere. Bergaran Super Amara ere zabalik egon da. Arrasateko Mekako gasolindegia ere zabalik topatu dugu eta bertako langileek azaldu dute egun arrunt batean baino jende gutxiago zebilen arren, goizeko lehenengo orduan ibili dela jendea.
Trafikoan ere nabaritu da gaurkoa ez zela egun arrunta. Goizeko lehen orduetan pilaketa eta trafiko handia egon ohi din lekuetan lasaitasuna zen gaur nagusi.
Industrian denetarik
Lantegiei dagokienez batzuk grebara batu dira eta beste batzuk ez. Greba egin duten lantokien artean daude, esaterako, Fagor Arrasate, Elektronika, Ederlan eta Automation, JMA, Asmobi, Alecop, Torunsa, Metagra, Lazpiur, Tavex, Tornilleria Deba, Ulma Forja, Hijos de Juan de Garay, Cegasa, Zahor, Nemesio Zubia, Betik, Stadler, Chinchurreta, Azbe, Copreci, Cerrajera Valle de Leniz, Tesa, Leniz Fundaciones, Elay, Balzers-Oerlicon, Recyde eta Laibe.
Greba ez dute egin berriz, beste batzuen artean, Fagor Elektratresnak, Elektragailuak eta Etxetresna elektrikoak, Ikerlanek, Jolmak, Union Cerrajerak, Geyser Gastechek, TTTk, Ulma Agricolak, Packagingek, Polimerok, Construccionek, Fagor Industrialek, Matz Errekak, Goizperrek eta Sistecok.
Hezkuntzan eta udal zerbitzuetan erabatekoa
Hezkuntzari eta Udalei dagokienean berriz, esan daiteke, greba erabatekoa izan dela Debagoienean. Arrasateko eta Eskoriatzako Udalek zerbitzu minikoak eskaini dituzte eta Oñatin erregistroa egon da zabalaik. Gainontzeko udaletxeak itxita egono dira, baita kiroldegi eta kultura etxeak ere.
Debagoieneko ospitalean normaltasuna
Osasun zerbitzuei dagokienez atzo Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik jakinarazi zuten ezinbesteko zerbitzu minimoak bermatuko zirela. Bada Debagoieneko Ospitalean normaltasuna izan da nagusi gaur goizean zehar; langile bakoitzak gaur bertan erabakitzen zuen lanera joan edo ez. Bertako langile batek esan digunez gutxiengo batek egin du greba eta oso gutxi nabaritu da gaurkoa greba eguna zenik.
Protestak istilu barik
Greba eguna lasaitasun osoz igaro da orain arte behintzat. Ertzaintzak emandako informazioaren arabera Debagoienean ohiko pikete eta manifestazioez gain ez da egon inolako gertakari larririk.
Mobiliziazioak eta protestak hori bai, herri gehienetan egon dira. Bergaran goizean goizean goiz sindikatuetako ordezkariak kalean ibili dira eta txistu egin ditu denda edo tabernaren bat zabalik egonez gero. Banketxeetako bulegoetara ere gerturatu dira eta Lapurrak zioten pegatinak ipini dituzte. Arratsaldean gero, 19:00etan manifestazioa egingo da San Martin plazatik abiatuta.
Arrasaten berriz, 09:30ean elkarretaratzea eta manifestazioa egin dute Seber Altube plazatik irtenda.
Oñatin ere manifestazioa egin dute 12:00etan herriko plazatik abiatuta.
Aretxabaletan berriz, bizikleta martxa egin dute herriko kaleetan barrena, eta bizikletarik eraman ez dutenek oinez egin dute txistu herriko kaleetan zehar. Arratsaldean ere gauza bera egingo dute, 17:00etan egin dute hitzordua eta oinez zein bizikletaz guztiak elkarrekin joango dira Arrasatera. Izan ere, Arrasaten 18:00etan bailara mailako manifestazioa deitu dute.
Sindikatuak ados eta pozik
Sindikatuak pozik azaldu dira grebak Debagoienean izan duen jarraipenarekin. ELA sindikatuaren esanetan kooperatibak alde batera utzita, industria ia erabat gelditu da Debagoienean eta komertzio eta tabernetan ere oso jarraipen zabala izan du. LAB sindikatuaren hitzetan ere arrakastatsua izan da greba. Jose Ramon Kortabarriaren hitzetan irakaskuntzan eta administrazioan ia erabatekoa izan da eta industrian ere jarraipen oso zabala izan du. Hori bai, adierazi du, martxoaren 29ko grebarekin alderatuta kooperatiba diren enpresa gutxiago batu direla grebara: Fagor, Matz-Erreka edo Gaizpen ipini ditu adibide gisa.
Adegi: "Langileen %60 lanera joan da"
Adegik, Gipuzakoko Enpresaburuen Elkarteak bestelako irakurketa egin du. Eguerdian publiko egindako prentsaohar batean adierazi du Gipuzkoan langileen %60 lanera joan dela gaur. Adegik azaldu du gainera, Donostialdean izan duela grabak erantzun txikiena eta tolosaldean handiena. Gaineratu du grebak ezer gutxirako balio izango duela eta kalte handiena enpresa eta langileek jasango dutela.
Eusko Jaurlaritza: "Martxoaren 29koa baino txikiagoa izan da jarraipena"
Eusko Jaurlaritzak ere eman ditu greba izaten ari den parte hartzeari buruzko behin-behineko datuak. Sektorez sektore, industrian du parte hartze handiena lanuzteak, Jaurlaritzaren arabera: %30ekoa. Haren atzetik daude garraioak (%20), zerbitzuak (%13) eta komertzioa (%3). Alor publikoan, hezkuntzan du jarraipen handiena, %64koa. Justizian %24koa da parte hartzea, eta osasunean, %12koa. Jaurlaritzak nabarmendu du martxoaren 29ko greban baino txikiagoa dela jarraipena.
Goienako langileek greba
Goienako langileek bat egin dute greba deialdiarekin eta Goienak zerbitzu minimoak eskainiko ditu gaur egun guztian zehar.