Greba erabatekoa izango da hezkuntzan eta udaletan, gainerako arloetan desberdintasunak egongo dira

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko irailaren 25a

Gehiengo sindikalak eta beste hainbat gizarte eragilek gaurko deitutako greba orokorrak eragin desberdina izango du sektoreka. Gure bailaran, lantegiei dagokienez, esaterako, batzuk grebara batuko dira eta beste batzuk ez. Hezkuntzan eta Udaletan greba erabatekoa izango da, ordea.

GOIENAko langileek grebarekin bat egingo dute eta zerbitzu minimoak eskainiko ditu GOIENAk.

Hego Euskal Herrirako murrizketen aurka greba deitu dute gaurko ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek. Euskal Herrian murrizketarik ez! Lan eta Gizarte eskubideen alde leloa izango dute lau hiriburuetan burutuko diren mobilizazio eta manifestazioek eta azken hiru urte eta erdian egiten den bosgarren greba orokorra izango da biharkoa.

Greba gurean

Gure bailaran lantegiei dagokienez, batzuk grebara batuko dira eta beste batzuk ez.

Greba egingo duten lantegien artean daude esaterako, Fagor Arrasate, Elektronika, Ederlan eta Automation, JMA, Asmobi, Alecop, Torunsa, Metagra, Lazpiur, Tavex, Tornilleria Deba, Ulma Forja, Hijos de Juan de Garay, Cegasa, Zahor, Nemesio Zubia, Betik, Stadler, Chinchurreta, Azbe, Copreci, Cerrajera Valle de Leniz, Tesa, Leniz Fundaciones, Elay, Balzers-Oerlicon, Recyde eta Laibe.

Greba ez dute egingo berriz, beste batzuen artean, Fagor Elektratresnak, Elektragailuak eta Etxetresna elektrikoak, Ikerlanek, Jolmak, Union Cerrajerak, Geyser Gastechek, TTTk, Ulma Agricolak, Packagingek, Polimerok, Construccionek, Fagor Industrialek, Matz Errekak, Goizperrek eta Sistecok.

Nahi duten langileek greba egingo dute eta ez dutenek nahi lana egingo dute ondorengo lantegietan: Gelma fundazioa, Polmetasa, Elkoro Dekoletajeak.

Hezkuntzari dagokionez, ikastetxeetan erabatekoa izango da greba Debagoienean. Mondragon Unibertsitatean Arrasaten langileek ez dute greba egingo eta ikasleek bai, Oñatiko enpresagintza fakultatean ere ikasleek ez dute egingo greba eta ikasleek bai eta Huhezin greba egingo dute.

Udalak ere grebara batuko dira; Arrasatekoan eta Eskoriatzakoan zerbitzu minimoak eskainiko dituzte eta Oñatin erregistroa egongo da zabalik. Gainontzeko udaletxeak itxita egongo dira, baita kiroldegiak eta kultura etxeak ere.

Osasun zerbitzuei dagokienez, gehienetan bihar bertan erabakiko dute greba egin edo ez. Hala ere, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak jakinarazi du ezinbesteko zerbitzuak emango direla. Ondorioz, bermatu dute osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek ospitaleetan jaiegun bateko ohiko langileak izango dituztela eta larrialdi zerbitzuetan langileen %100ak egingo duela lan.

Goienako langileek grebarekin bat egingo dute eta zerbitzu minimoak eskainiko ditu.

Mobilizazio eta manifestazioak

Gaurko, irailaren 26ko greba egunerako, hainbat mobilizazio eta manifestazio deitu dituzte Debagoienean. Goizean, Arrasaten, 09:30ean mobilizazioa egingo dute Seber Altuben; Aretxabaletan, 10:00etan, Herriko plazan elkartuko dira bizikletan herriari buelta osoa emateko. Arratsaldean, berriz, Arrasaten 17:00ean herriko plazan elkartuko dira bizikletan egingo duten mobilizaziorako eta 18:00ean manifestazioa irtengo da Seber Altubetik. Bergaran, berriz, 19:00etan egingo da manifestazioa San Martin plazatik abiatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak