Euskal turismoak inoizko abuzturik onena izan du

Leire Kortabarria 2012ko irailaren 25a

Euskadiko hotel establezimenduetan sekula ez dira 2012ko abuztuan adina turista erregistratu, Estatistikaren Euskal Institutuak (Eustat) argitaratu dituen datuen arabera. Datuok diotenez, 279.407 bidaiari sartu ziren abuztuan EAEn.

Orain arte 2011ko abuztua zen euskal turismoak inoiz izandako hilabete onena 267.145 sarrerarekin, hau da, aurtengo erregistroa baino %4,6 gutxiago. Eta landa-turismoek ere inoizko hilabete onena izan dute, 18.458 sarrerarekin, iazko erregistroa baino %5,1 gehiago.

Errekorra ez da sarreren bolumenean bakarrik hautsi. Gau-igarotzeek ere muga historikoa gainditu dute abuztu honetan, 591.412 guztira, eta %2,1 hobetu da iazko zifra.

Abuztuko joera bera nabaritu da uda osoan Euskadiko hoteletan. Hala, eta betiere Eustatek emandako datu ofizialen analisiaren arabera, ekainean, uztailean eta abuztuan 754.314 turista sarrera izan dira. Beraz, 2012a izan da euskal turismoaren uda onena, aurreko urteko errekorra baino hobea (+%0,36)  eta aurreko udak baino askoz hobea (2008 eta 2009an +%22).
 
Ostatu turistikoek izan duten uda onari esker, aurtengo guztizko zenbatekoa iaz markatutako mugara hurbiltzen ari da. Zortzi hilabeteren buruan 1.579.044 turista sarrera kontatu dira Euskadin, 2011n baino %0,9 gutxiago bakarrik. Beraz, sektorearen bigarren urterik onena da aurtengoa. Gau-igarotzeekin ere berdin gertatzen da: 3.025.264 izan dira guztira, iazko lehen zortzi hilabeteetan izandakoak baino soilik %0,3 gutxiago.

Atzerritar kopuruaren errekorra

Abuztuan berretsi egin da aurreko hilabeteetako joera eta argi geratu da atzerritarren turismoaren hazkundeak Estatuko bidaiarien jaitsiera konpentsatzen duela.

Hala, lehen zortzi hilabeteetan Espainiatik etorritako bisitari kopurua %3,9 jaitsi da eta nazioartekoak berriz %5 igo. Ondorioz, 2012a urterik onena izaten ari da atzerriko turistei dagokienez.

2009. urtearekin alderatuta, Estatutik iritsitako turismoa %12 hazi da eta atzerritik etorritakoa berriz %33.

Lurraldeka, Arabak aurten %0,38 turista gutxiago izan ditu (Estatukoak %1,9 gutxiago eta atzerritarrak %4 gehiago).

Estatuko bisitari kopurua jaitsi bada ere (-%2,1), Bizkaiak %1,2an gainditu ditu iazko zifrak, nazioarteko bidaiariek gorakada nabarmena izan dute eta (%8).

Urte honek daraman joeraren arabera, Gipuzkoa da gehien atzeratu den lurraldea:  bidaiarien %3,9 galdu du zenbaketa globalean eta beraz atzerriko turisten igoerak (%1,8) ez du konpentsatzen Estatutik iritsitakoen jaitsiera (-%7,4koa). 

Hiriburuei dagokienez, Gasteiz %2,9 hazi da aurten eta Bilbo berriz %1,1. Donostia izan da iazkoarekin alderatuta turista gutxiago izan dituen hiriburu bakarra, zehazki %3,3 gutxiago.

Bestalde, abuztuko batez besteko egonaldia 2,12 egunekoa izan da eta beraz urte osoko batez bestekoa 1,88 gautan kokatu da turista bakoitzeko. 2006tik izan den daturik onena da.

Landa-turismoen hilabete onena

Hotelen kasuan bezala, EAEko  landa-turismoek historiako hilabete onena izan dute. 18.458 sarrera izan dituzte, iazko abuztuko erregistrorik onena baino gehiago (+%5,1).

Horrela, aurten Euskadiko landa-turismoetako 87.536 sarrerek %2,8an hobetu dute iazko errekorra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak