Zabalik dago aurtengo mintzalagun egitasmoetan izena emateko epea

Usoa Agirre 2012ko irailaren 24a

Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak egitasmoaren aurkezpenean azaldu duenez, aurten mintzapraktikan izena emateko kanpainaren bidez maitasun aitorpen bat egin nahi izan du federazioak. Maitasun adierazpen bat, azken hamarkadatan euskaldunon mundura hurbildu eta mundu honetako parte izateko hautua egin duten guztientzako, hautua egiten ari direnentzako. Eta maitasun adierazpen bat, era berean, euskaldunon komunitateko kide izanik, komunitatea handitu eta lagun berrientzako bidelagun lana egin duten eta egiten dutenentzako.

Prentsaurrekoan aurtengo izen-emate kanpainako bideoa aurkeztu da. Mihiluze saioko Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek hartu dute parte kanpainan, hainbat egitasmotako berbalagunekin batera.

5.000 lagun ari dira mintzapraktika programetan parte hartzen, 65 herri eta eskualdetan. Astean ordubetez, aisialdian euskaraz aritzeko laupabost laguneko taldeak osatzen dituzte.

E-mintzapraktika

Aurten e-mintzapraktika aldaerari bultzada eman nahi dio Topaguneak. Izan ere, internetek etxetik Euskal Herriko zein munduko beste puntako euskaldunekin euskaraz aritu ahal izateko aukera ematen du.

Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean eta www.mintzapraktika.org webgunean aurki daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak