Zortzi baserritako produktuak 'on-line' salgai, 'Baserrisarea'-n

Leire Kortabarria 2012ko irailaren 27a

Ia 6.000 debagoiendar landa eremuan bizi dira, Debagoieneko 76 baserri-auzoetan. Auzo biziak dira, Debagoieneko ekonomian zeresana dutenak, produzitu egiten dutenak eta Debagoieneko bizitzan ahots ozenagoa izan gura dutenak.

Asmo horrekin sortu dute Baserrisarea.com webgunea. Joan den astean aurkeztu zuten eta dagoeneko badabil jendea han sartzen, arduradunek diotenez.

Baserrisarea.com landa ingurunearen erakusleiho izateko jaio da, egileen esanetan. Debagoieneko Landa Garapenerako Deba Garaia agentziaren eta eskualdeko baserritarren arteko lana da, eta bere atal garrantzitsuenetariko bat on-line denda da. Izan ere, bultzatzaileen esanetan, baserritarren nekazaritzako jarduerak berreskuratzea eta sendotzea da Baserrisarea.com-en helburua. Horrela bada, baserriko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zubia izan nahi du.

Irailean, garraioa doan 

Baserrisarea.com-ek zuzenean saretik erosteko aukera ematen du. Debagoieneko zortzi ekoizle batzen ditu, oraingoz: hiruk gazta saltzen dute; bik, txakolina; eta banak, kiwiak, kontserbak eta okela. Baina Baserrisarea.com-ek bailarako 21 ekoizleren gaineko informazioa ematen du: ze baserrikoak diren, baserria non dagoen, zelan kontaktatu, zer eta non saltzen duten…

Proiektuari sostengu logistikoa eskualdeko ekoizleek sortutako Leintz Gatzagako Jakion enpresak eskaintzen dio, eta Leintz Gatzagan dagoen biltegi baten zentralizatzen dituzte on-line salgai dauden produktuak. Eskaera egin eta gero, bidali behar dena prestatzen da eta etxera bidaltzen diote erosleari. Astero banatuko dute, eta eguazteneko 12:00ak baino lehen ordainduta daudenak, Debagoienean eguenean eta gainerakoetan egubakoitzean banatuko dira, eta 12:00ak eta gero ordaintzen duenari hurrengo asteko eguenean edo egubakoitzean banatuko diote, dagokion moduan. 

Gainera, irailean, eskaintza berezia dute: hilabete bukaerara egiten diren eskaeren garraioa doan egingo dute.

Baserrisarea.com-eko produktuak denoi daude zabalik, baina batez ere debagoiendarrei. Honela esan zuen Baserrisarea.com-eko dinamizatzaile Itziar Urizarbarrenak Goiena telebistako Magazinea saioan: "Guk nahi duguna da bertako produktua bultzatzea eta bertan kontsumitzea; beraz, gure publizitatea bereziki hemen egingo dugu, Debagoienean".

76 auzo 

Hori, Interneteko salmenta puntua, da webgunearen atal berritzaileena; baina beste bi atal nagusi ere baditu. 

Horietako bat da landa eremuen gaineko informazio atala. Hori antolatzeko, landa eremu bakoitzak bere fitxa dauka, eta hor aditzera ematen dira bertako monumentuak, ermitak, basabideak, jaiak… Leintz Gatzaga ez da bi auzotan banatu, herritarrek ez zutelako hala gura. Beraz, 76 auzo eta beste horrenbeste fitxa egin dute. Debagoieneko landa eremua ezagutzeko gonbidapen erakargarria dago hortxe.

Auzotarrek ekintzak egiten badituzte, bertan aditzera eman ditzakete. Batzuk dagoeneko badaude sarean: adibidez, Bedoñan, hilaren 29an ipuin kontaketa dago. Itziar Urizarbarrenaren esanetan, "helburua da auzotarrek bertan parte har dezatela eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabil ditzatela".

Hirugarren atal nagusia zerbitzuen atala da. Horren bidez, on-line egin daitezke egin beharreko tramite burokratikoak.  Urizarbarrenak azaltzen duenez, "ez da bikoizketarik egin; izapideak edo tramiteak zerrendatu ditugu eta katalogo antzeko bat egin dugu, eta izapide bakoitzaren webgunera bideratzen dugu erabiltzailea".

-----------------

Itziar Urizarbarrena: "Baserrisarea.com' auzoen arteko elkarlan tresna izan dadin nahi dugu"

Baserrisarea.com-eko dinamizatzailea da Itziar Urizarbarrena.

Nola sortu zen Baserrisarea.comDinamizaTIC, Comarca en Red eta SPRIko dirulaguntzei esker sortu da. DinamizaTIC-en helburua da teknologia berriak landa eremuetara eramatea. Programa hori orain bi urte jarri zen martxan gure bailaran. Lehenengo diagnosia egin zen, eta hortik ateratako ondorioetatik ekintza plana sortu zen. Baserrisarea.com plan horretako ekintza bat da.

Zeintzuk izan ziren ondorioak? Landa eremuan eta kalean ez zela teknologia berdin erabiltzen; arrail digitala delakoa zegoela, hain zuzen ere. Hori konpontzen joateko, ikastaroak antolatu izan ditugu. Auzo batzuetan konexio arazoak daude oraindik.

Badirudi baserriko produktuei gero eta garrantzi handiagoa ematen diegu. Bai, eta hori islatu nahi izan dugu webgunean: azoka eta kontsumo taldeen gaineko informazioa ere ematen dugu, jendeak jakin dezan bertako produktuak non erosi. 

Beste ekintzarik egingo duzue? Auzoz auzo zabaldu nahi dugu webgunea. Izan ere, elkarlan erreminta bat ere badauka, non landa eremuek sarea eratu dezaketen eta ekintzak batera aurrera eroan. Nahi duguna da landa eremuari gerturatu ekintzak zelan zintzilikatu, webgunea elkarlanerako zelan erabili…

-----------------

Elkarlanean

Debagoieneko baserritarrek eta erakundeek elkarlanean egindako proiektua da Baserrisarea.com. Bergaran aurkeztu zuten, eta bertako eta Arrasateko alkateak esku hartu zuten, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak