1. Gain-gainean da Bypass-en estreinaldia. Nola daude animoak?
Goi-goian. Irrikan gaude jendeak ikusi eta nola hartzen duen jakiteko. Bigarren pelikula dugu, aurrekoarekin alderatuta ezberdina. Hark harrera ona izan zuen; honek ez dakigu. Zinemaldian estreinatzeak ilusio berezia egiten du gainera.
2. Bizi dugun garaiotarako inoiz baino beharrezkoagoak al dira komedia erromantikoak?
Bai, baina egun komedia pila bat dago egoera dela-eta eta agian pentsamendu sakonagoko pelikulak egiteko garaia ere bada. Gainera, ez dut esan gura gure komedia sakona ez denik.
3. Bi pelikula, biak Patxo Telleriarekin zuzenduta.
Pelikula pare bat eginda, norberak bere ideiak izaten ditu: politagoa da adostasunera heltzea hain ideia ezberdinak izanda. Hortik lan ona ateratzen dela uste dut.
4. Zenbat ate jo behar izan dituzue pelikula aurrera ateratzeko?
Horiek ekoizlearen ukabilkadak dira; gu alde artistikoaz arduratu gara: jo ditugun ateak gure buruari izan dira, gure asmatzeko gaitasunari. Hunkitzeko eta barre eragiteko jotzen ditugu gure barruko ateak.
5. Euskal aktore gazte ugari agertzen da Bypass-en. Nola datoz belaunaldi berriak?
Aktore oso onak daude; belaunaldia salbatuta dago baina ez dakit ez dagoen aktore larregi hain lan gutxirako.
6. Asko aldatu al zaizu lanbidearen ikuspegia gaztea zinenetik?
Bai; hasieran egunerokoarekin bizi ginen, ez genuen pentsatzen pelikularik egingo genuenik ere. Baina egia da kulturak, esaterako kirolarekin alderatuta, ez duela aurrera egin; oraindik ez dugu sinesten gure buruan.
7. Irakurri dugunez, nahiago omen duzu alaba aktorea izatea, enpresa ikasketak egitea baino?
Nahi dudana da bera pozik bizi izatea, berak ikusiko du zer egiten duen. Baina uste dut lana badaukazu, lan ona dela, polita; baita gogorra ere.
8. Pirata maltzurra, eskrupulo gabeko abokatua... Sarri ikusi zaitugu gaiztoarena egiten.
Apur bat denetarik egin dut. Nik uste dut pertsonaia onak ondo egiten ditudala, txarrak baino hobeto. Beharbada gutxiago ikusten dira onarena egiten dudan pelikulak; baina egin, egiten ditut.
9. Bilbo eta Madril artean bizitzeak badu abantailarik?
Ez gehiegi: asko uzten duzu erdian. Guk sarea botatzen dugu arrainak dauden tokian, eta niretzat gehienbat Madrilen dago lana. Ez nire gogoagatik, baina Euskal Herritik at lan egitea tokatu zait askotan.
10. Aktore moduan, ze amets duzu betetzeko?
Denetarik, hasi barik nago-eta! Ez nago erretiroan pentsatzen; gauzak egin nahi ditut, gauzak asmatu... Lehen egunean bezala nago.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Hainbeste gauza eskatuko nituzke, makila hautsi egingo litzateke! Gauza bat eskatzekotan, eskatuko nuke antzokiak, itxi beharrean zabal daitezela berriro. Dena itxi izan den momentu bat bizi izan dugu, eta kulturaren susperraldia eskatuko nuke: jendea berriz kulturaz interesatzea. Baita kulturak BEZik ez izatea ere".