Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Josu Ruiz Donostiako Udaleko bozeramaile eta Garapen Ekonomikoko zinegotziak, eta Carlos Ruiz Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendariak aurkeztu dute Enpresarean, gaur, prentsa agerraldian.
Guillermo Dorronsoro Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta IK4ko presidente-ordearen eta K2K Emocionando-ko kide Asier Irazustaren hitzaldiak; Fremap, IMH, Kutxa Fundazioa eta Euskadiko Kutxaren aurkezpenak; Nekatur, Bitarlan edota Mondragon Linguaren erakusleihoak; mahai-inguruak, elkarlana eta gehiago izango dira egun osoz egingo den euskaraz diharduten enpresen arteko azokan.
Egitaraua itxita badago ere, azokako ateak zabalik daude bertako erakusleihoak ikusi eta egingo diren hitzaldi, mahai-inguru edota aurkezpen laburrak entzun nahi dituen ororentzat.
Gutierrezen esanetan, Enpresarean egitasmoaren helburua da arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile berriak aurkitzea. Hori guztia, baina, euskara elementu komuntzat duten enpresa, elkarte eta entitateen artean.
Gaineratu duenez, Enpresarean izeneko egitasmoa orain dela bi urte jarri zen martxan euskaraz diharduten enpresen arteko lankidetza bultzatzea helburu hartuta. Aurten Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker, Donostiako Udalaren lankidetzari esker, eta Kutxako Gizarte Ekintzaren laguntzari esker, baldintza egokiagoetan garatu ahal izango da Enpresarean egitasmoa: "Aurrera begira proiektu gehiago izango dira. Orain bi urte hasitako bideari etorkizun luzea eta oparoa ikusten diogu".
Egun bakarreko azoka
Egun bateko azoka izango da Enpresarean: 08:45ean irekiko da eta 18:30ean itxi. 09:15era bitartean dokumentazioa banatuko da eta jarraian, 09:45 arte, 3. aretoan, aurkezpen instituzionala egingo dute.
Guillermo Dorronsorok Sustraiak han dituena - Globalizazioa bertako begiez ikusita izeneko hitzaldia egingo du 9:45etik 10:45era 3. aretoan bertan, eta bitarte horretan ez da beste ekintzarik izango. Jarraian kafea hartzeko tartea izango da 11:15 arte eta bitarte horretan Speakers corner delakoa martxan egongo da. Hala, edozein enpresak edota pertsona ekintzailek bere burua aurkeztu eta dituen ideiak edota proiektuak saltzeko aukera izango du.
Kafearen ondotik, 11:15ean, esperientzia laburren tartea irekiko da 1. eta 2. aretoetan. Bertan 15 enpresak 10-15 minutu inguruko aurkezpenak egingo dituzte, 12:45 bitartean. Bukatzeko, mahai ingurua egingo da Enpresa, euskara, sarea gaitzat hartuta. Mahai-inguruan parte hartuko dute Berria Taldeak, Codesyntaxek eta Akting enpresak.
Arratsaldean, Koldo Saratxaga buru duen K2K Emocionando enpresako kide Asier Irazustak hitzaldia egingo du. Eta bitarte horretan ere ez da beste ekintzarik izango. Arratsaldearekin amaitzeko, 16:30etik 18:30era Lehialkartasuna lelopean coworking saioa egingo da HUB! Donostiak lagunduta. Helburua da euskaraz lan egiten duten enpresak elkar ezagutzea.
Horrez gain, stand-ak egongo dira egun guztian zehar, azoka irekitzen denetik ixten denera arte. Bertan 15 enpresak euren produktuak eta zerbitzuak erakutsiko dituzte.
Azoka birtuala
Enpresarean azokak badu beste gune bat ere, oso garrantzitsua: sarea, hain zuzen ere. Horrexegatik, www.enpresarean.org webgunea jarri da martxan eta sare-sozialetan ere ireki dira kanalak. Webgunean Enpresarean proiektuaren berri eman eta berriak nahiz agenda erakusten badira ere, funtsa azoka birtuala da.