Azkenaldian hainbat ideia berritzaile hezur-haragitu dira Debagoienean. Horietako batek Pakistango Baltistan bailarako jendeari –batez ere, emakumeei– bizimodua hobetu die. Mondragon Unibertsitateak Diseinu eta Produktu Garapeneko Ingenieritza gradua ematen du, eta horixe ikasi du Nahia Belloso Sancet 22 urteko iruindarrak. Gradu Bukaerako Lan gisa, Baltistan Fundazioaren laguntzarekin, Baltistango biztanleendako komun lehorra eta sukaldea garatu ditu. Horretan eman du azken urtea, eta Baltistango Hushe bailaran hilabete baino gutxiago eman du.
Hushen premia asko dauden arren, komun lehorra eta sukaldea bereziki emakumeek eskatu zuten. Nahiak hauxe esaten digu: "Atzera begiratu behar da, 2010 eta 2011an Baltistanen, Taliseko herrian gertatutako hondamendi naturala gertatu zeneko urteraino. Orduan, Baltistan Fundazioko Azpiegitura taldeak 35 etxe berreraikitzeko ardura hartu zuen. Etxe hauek berreraikitzeko prozesuan bi komite sortu ziren, alde batetik emakumeena eta bestaldetik gizkonezkoena. Bi komite hauetan erabaki zen 35 etxe hauetatik bi model house-ak izango zirela, hau da, etorkizun hurbil batean bailarako etxe eredu bilakatuko zirenak, bertako eraikuntza errespetatzen dutenak, efizientzia energetikoa dutenak... 2011. urtean egindako diagnostikoan, emakumeen komiteak argi esan zuen higiene eta osasun arazo nagusiak ikusten zituztela, sukalde eta komunekin zuzenean erlazionatzen zirenak".
Erabilera justuak bideratzea
Nahia Bellosok eta Baltistan Fundazioak eredu-etxe horretan eraiki zituzten Nahiak garatutako komun lehorra eta sukaldea.
Sukaldea Rocket berogailuan dago oinarrituta. Janaria prestatzeko eta etxea berotzeko balio du, eta egur gutxi kontsumitzen du. Abantaila nabarmenak ekarriko dizkie baltiei, hango bizilagunei: "Baltiek –eta gehienetan emakumeek– egur gutxiago garraiatu beharko dute inguruko mendietatik etxera; eta era berean, egunero arnasten duten sukaldeetako ke beltzak desagertuko dira, sukaldeetan dauden ume eta emakumeen bizi itxaropena areagotuz".
Bestalde, hondakin bereizkiko komun lehorra instalatu dute. Urarekin garbitzeko aukera ere ematen du. MUko ingeniaritza ikasleak hauxe dio: "Egun dauden infekzio kopuruek larriturik burutu dugu proposamen hau. Eraiki den komun lehorrak hondakin likidoak biltzeko eta arazteko sistema du, berauek baitira hepatitisa bezelako gaitzak kontagia dezaketenak. Hondakin solidoak, ordea, sei hilabetez gordetzen dira depositu bikoitzeko gordailuan, ondoren konpost gisara erabili ahal izateko".
Ekintzaile gisa, Bellosok ondorio hau atera du: "Garapena ez da teknologia baten punta-puntako bertsioa hobetzea, beronen erabilera justuak bideratzea baizik".
Esperientzia horren gaineko liburua egin dute, eta Interneten dago: http://issuu.com/nahia./docs/liburua_001.
Erabiltzeko atsegina
Baltistango proiektua ingurumenari begira ere egin dute. Eta ingurumen arloan bete-betean sartzen den beste proiektu bat, bere sasoian berritzailea, Debagoienean sukaldeko olioa batzeko poteena eta makinena izan zen. Mondragon Unibertsitateko ikasle batzuen ideia garatuta, 2009an sortu zen hori kudeatzeko enpresa. Eko3r da berau. Hasieran Arrasaten ezarri zen sistema gaur egun Debagoienetik kanpo ere erabiltzen dute. Eko3r-ko gerenteak, Alberto Garatek, arrakastaren gakoa azaltzen digu: "Proiektu osoa erosotasunaren eta erabilgarritasunaren ikuspuntutik planteatu zen. Olioa sukaldetik harrira botatzea oso erraza da eta, hori aldatzeko, oso erosoa eta atsegina den zerbait jarri behar da. Bestalde, jendeak potea Puntu Berdera-edo eraman behar bazuen, noizean behin eramango zuen. Hortik, makinak ipintzea".
Negozio aldetik, Garatek onartzen du, Eko3r eta olioa batzeko euren sistema zabaldu egin diren arren, aurreikuspenak ez direla bete; hala ere, olioaren eta birziklatzearen arloan "oraindik asko" egin daitekeela gaineratzen du, eta Eko3r-ren asmoak azaltzen dizkigu: "Hiri handiren bat egin nahiko genuke; proiekturen bat Madril, Zaragozarako… Bestalde, kontaktuak ditugu Latinoamerikan. Maulen, pilotua egiten gara eta aukera onak ikusten ditugu. Hemendik eta urte bukaerara arte, aztertu egingo dugu aukera onena zein den". Horrez gain, dagoeneko urte batzuk dituen sistema "zelan hobetu" asmatzen dabiltza; esaterako, batzen den olioa biodiesel erregaia egiteko erabiltzeaz gain beste zertarako erabil daitekeen aztertzen.
Ideia berrietatik euren enpresa sortu gura dutenei, hauxe gomendatzen die Eduardo Garatek: "Gehienbat, benetako beharrak zeintzuk diren begiratu behar du ekintzaileak. Oso garrantzitsua da askotariko jendearekin hitz egitea, ze behar dauden ikustea eta horiei erantzuten saiatzea".
Etxebizitza hipotekatu behar
Euskal Herrian hazi-esneak, hortxatak hartzeko ohitura zabaldu da, eta esne horiek egiteko Chufamix gailua asmatu dute Valentziako, Alboraiako hortxata-denda artisau batekoek eta Itziar Bartolome arrasatearrak. Arrakasta handiarekin erakusten eta saltzen dabiltza egunotan. "Valentziatik kanpo bizi den jendeak hortxata goxoa edan ahal izatea etxean: hori zen gure ametsa".
Ilusio handiz dihardute, baina ez da bide erraza: "Etxetresna hau ateratzeko gure etxebizitzak hipotekatu behar izan ditugu. Dirulaguntzak begiratu genituen, gauza berritzailea delako, enpresa gazte eta txikia garelako… Ba, Valentzian, ez dugu ezertxo ere eskatu ahal izan, gutxienez 500.000 euroko inbertsioa eskatzen zutelako. Oso minduta gaude, azkenean ideia onak dituen jendea inongo laguntzarik jaso gabe dabilelako, Valentzian behintzat. Pena da horrelako ideiak ez laguntzea, eta norberak azala utzi behar izatea".
-----------------
Aurtengo Kimu Berrin, 26 proiektu ikusgai
Zabalik da domekara arte, Kulturaten, Kimu Berri ideia berritzaileen erakusketa (www.kimuberri.net). Gazteek taldeka asmatutako 26 proiekturen gaineko panelak ikus daitezke bertan. Datorren martitzenean, hilak 25, hasi eta eguenera arte, Oñatiko Enpresagintza fakultatean izango da erakusketa (12:00-14:00 eta 16:00-19:00). Martitzenean bertan, startup pitching edo aurkezpen lehiaketa egingo dute, 10:00etan: zazpi taldek nork bere proiektua aurkeztuko dute jendaurrean, eta puntu gehien jasotzen dituen aurkezpena egin duen taldeak saria izango du.





