Bailarako baserri-paisaiak balioan jarri nahi dituzte

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko irailaren 24a

Deba-Garaia, Debagoienako Landa Garapen Elkarteak, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste zortzi Landa Garapen Elkarterekin batera landa-paisaia Atlantikoen balioa agerian jartzeko ekimena martxan jarri du. Eskualdeka, baserri-paisaiek dituzten elementu bereizgarriak identifikatzeko eta horiek kontserbatzeko aproposenak diren ekintzak proposatzeko parte-hartze saio irekiak antolatuko dira.Lehenengo saioa joan den eguenean egin zuten, Arantzazuko Aitzazabal elkartean.

Hurrengo saioa urriaren 4an ospatuko da arratsaldeko 19:00etan, toki berean, eta saio batetik bestera doazen bi asteetan partaideek ariketa txiki bat egingo dute, haien ustez baliotsuak diren eskualdeko hainbat txokori buruz fitxa labur bat betez.

Lehenengo saioa partaideek paisaiari buruz zuten kontzeptua batera jartzearekin hasi zen, eta eskualdeko paisaiei buruzko datu orokor batzuk aztertu ondoren, herritarren partaidetza errazteko asmoz sortu den fitxa aurkeztu zen. Ondoren, gerturatu zen pertsona bakoitzak Debagoienako zein toki bisitatzeko asmoa zuen adierazi zuen, eta urriaren 4an berriro elkar ikustekotan geratu ziren.

Bigarren saioa hausnarketarako

Bigarren saioa, hausnarketa eta eztabaida saio bat izango da. Eskualdeko paisaia esanguratsuenen inguruan hitz egin, lehenengo sektoreak paisaian jokatu duen paperaz hausnartu eta etorkizunean aurkitzea espero ditugun paisaiei buruz eztabaidatzea izango dira elkartze honen helburuetako batzuk.

Lehen saiora joan ahal izan ez zuen inork proiektuan parte hartu nahi izanez gero, Deba-Garaiak Landa Garapeneko Elkartearekin jarri daiteke harremanetan izena emateko, 943 76 25 47 telefonora deituz edo lodebagaraia@euskalnet.net helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak