Klub zuri-moreko ordezkariek diotenez, "adiskidetasun giroan" gauzatzen da lana Errugbi Eskolan. Azaldu dutenez, konpromiso handia hartu dute, bai errubia eta baita umeekin ere, eta aurten ere horrela izango da: "Ez diegu neska-mutikoei hutsik egingo, ezta lana amaitu barik utziko ere", diote.
Azaldutakoaren arabera, Errugbi Eskolaren lana ez da bakarrik kirol honen nondik norakoak erakustera mugatzen, baizik eta honen baitan dauden balioetara ere: errespetua, umiltasuna, elkartasuna eta leialtasuna, konpromisoa edota sakrifizioa.
Jolasen bidez ikasten
"Kirol ezezaguna izanik, errugbia dibertigarriago egiten dugu, eta umeek jolasen bitartez ikasten dute; erraz irakasten dugu, pausoz pauso erakusten baitiegu", diote. Zentzu horretan, helburua "pertsona onak heztea da, ahalik eta diziplina, zintzotasun, lana, errespetu, talde-espiritua, adiskidetasun, kooperazio eta batez ere norberaren ahalik eta kontrol gehienarekin", azpimarratu dute.
Testuinguru honetan, Arrasate Errugbi Taldeko arduradunek alde batetik neska-mutiko zintzoak bilatzen dituzte, eta “bizikidetasun-arauak ezartzen dizkiegu, betebehar eta eskubideak onar ditzaten”. Jokoaren ezaugarriak direla medio, zoritxarren aurrean hezten dituzte, eta baita horri aurre egiten irakatsi ere.